argia.eus
INPRIMATU
Gernikako mugimendu feministak salatzailea babestu du Mario Lópezen aurkako epaiketaren lehen egunean
  • Gernikako saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa hasi da astearte honetan Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak 14 urteko espetxe eskaera egin du, eta akusazio partikularrak hamazortzikoa, sexu abusuak leporatuta. Lópezen defentsak adierazi du entrenatzaile ohiak "kontaktu baimenduak" izan zituela adingabearekin. Gernikako Sare Feministak elkarretaratzea egin du epaitegi aurrean biktimari babesa adierazteko.


     

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 14a
Mario López, epaitegira sartzen. eitb

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eta hamar urtez biktima bizi den herrira ez joatea eskatu du. Akusazio partikularrak, berriz, hamazortzi urteko kartzela zigorra eskatu du, eta 150.000 euroko kalte-ordaina eragindako kalte moral eta sozialengatik. Hiru egun iraungo ditu epaiketak, eta hilaren 14koa izan da lehendabizikoa.

08:30 pasata heldu da auzitegira Mario López, eta epaiketa guztia ateak itxita egingo dute emakumearen identitatea babesteko, salatzaileak horrela eskatuta. Horrez gain, biktimak eta akusatuak ez dute elkar ikusiko epaiketan. Bukaerako txostenaren aurkezpena ere ateak itxita egingo dute. Bertan gertakarien, testigantzen zein biktimaren identitatearen aipamen zehatza egiten dela azaldu du akusazio partikularrak, eta horregatik komunikabideei atea itxi zaiela.

"Kontaktu baimenduak" adingabe bati

Hala ere, argitaratu da informaziorik gaur epaiketa aretoan gertatutakoaz. Naiz egunkariak EiTB iturri gisa aipatuta argitaratu duenez, Lopezen defentsak adierazi du entrenatzaile ohiak "kontaktu baimenduak" izan zituela salatzailearekin. Une hartan 13 urte zituen biktimak. 1998 eta 2001 bitartean egindako sexu-abusuen delitu jarraituagatik epaitu dute Gernikako entrenatzaile ohia. Emakumeak azaldu duenez, 50 alditan baino gehiagotan gertatu ziren erasoak. Orduan 31 urte zituen akusatuak, eta 13 salatzaileak. 2023an salatu zuen biktimak, Mario Lópezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela.

"Zurekin gaude"

EITB-k jaso duenez Gernikako Sare Feministako kide batek adierazi du biktimak merezi duela horrelako egun “garrantzitsu eta zaurgarri” batean herriaren babesa jasotzea. “Justiziaren zuloen” aurrean herri-babesa erakutsi nahi izan dute. Sareko kide Arlett Apraizek adierazpenak egin ditu Naiz irratian: "Ikusten dugu egungo sistema judizialak biktimak berriz biktimizatzen dituela, eta beharrezkoa dela haiekin egotea. Gure mezua argia da: Sinesten dizugu eta zurekin gaude".