2020ko martxoaren 7tik 14ra bitartean ospatuko da Gernikako Lekuek festibala. Jaialdiaren 7. edizioaren kartela publiko egin dute ostiral honetan.
Sua, Ash Grunwald, Lisabö, Orreaga 778, Wormed eta Gaizka Insunza izango dira Lekuek festibalaren 2020ko edizioko kartelburuak. Kontzertuez gain, Djak, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, disko azoka, zine-kluba eta proiekzioak ere izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Boluntarioen lanagaz eta Gernika-Lumoko hainbat bilgunek bat egiteari esker antolatzen da Lekuek festibala antolatzaileek gogora ekarri dutenez: Astra, Iparragirre Rock Elkartea eta Trinkete Antitxokoa dira egitasmoaren “ardatz eta bultzatzaile nagusiak”.
Elkarkidetza horren fruitu, zazpigarren ediziora iritsiko da Lekuek datorren urtean. Ostiral honetan iragarri dutenez, dagoeneko salgai daude festibaleko bonoak 25 euroren truke. Astra, Aterpe, Ospa eta Zaplast tabernetan eskura daitezke.
Urtero eskualdeko artista batek egin ohi du Lekuek-eko kartela eta aurten Rosa van Wyk izan da irudiaren egilea. Laster iragarriko dituzte kartelburuez gain zein gehiago ariko den Gernikan martxoan. Jaialdiaren programa osoa eskuratu nahi izanez gero, www.gernikakolekuek.com helbidean dago informazio gaurkotua.