argia.eus
INPRIMATU
Gernikako Eztena proiektua epaituko dute ostegun honetan
  • Bloke Naranjaren okupazioa dela-eta, ostegun honetan epaituko dute Gernikako Eztena proiektua, usurpazio delitua leporatuta. Epaiketaren sententziak, besteak beste, eraikinaren desalojoaren data jasoko du, eta ondorioz, bertan bizi diren 10 errefuxiaturen etxegabetzearena. Eztenako kideek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, 10:30ean Gernikako Epaitegiaren aurrean.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko uztailaren 09a
(Argazkia: Eztena)

2018ko martxoan atera zen argitara Gernikako (Bizkaia) Eztena proiektua, Bloke Naranja modura ezaguna den eraikinaren birjabetzearekin batera. Ostegun honetan, hilak 11, izango da proiektuaren aurkako epaiketa, 11:00etan Gernikako Epaitegian. Auzibide penalaren bitartez hiru gazte 1.080 euroko isunarekin zigortu ostean, aste honetan ekingo diote epaiketa zibilari. Eztena proiektua epaituko dute oraingoan, usurpazio delitua egotzita.

Eztena "langile klaseko sektore zapalduenek jasaten dituzten erasoei klase elkartasunez erantzuteko" sortu zela azaldu dute proiektua martxan jarri zuten hainbat kidek. Hala, 2018ko urrian, kale gorrian geratzeko arriskuan zegoen errefuxiatu talde baten "aterpe" bihurtu zen Bloke Naranja. Eraikina desalojatzen badute, errefuxiatu horiek kalean geratuko direla azpimarratu dute Eztenakoek.

Elkartasun deialdia

Epaiketa baino ordu erdi lehenago, 10:30ean, elkarretaratzea egingo dute Gernikako Epaitegiaren aurrean, "Bloke Naranjan garatutako proiektua eta bertan bizi diren hamar errefuxiatuak kaleratu nahi dituztela salatzeko".