Bi urte bete ditu EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu koalizioak. Ostegunean egin da Eusko Legebiltzarrean lan urteko lehen plenoa. Hainbat gai izan dituzte hizpide, berbarako, Estatutu berria sortze bidean euskal alderdiekin akordio zabalagoa egiteko prest agertu da lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako presidenteari egindako eskaeren artean daude, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Espainiaren izaera plurinazionala onartzea. Horrez gain, transferitu gabeko eskuduntzak Jaurlaritzari egingo zaizkion itxaropenez agertu da lehendakaria.
Urkulluk esandakoaren arabera, aurrekontuei dagokienean, proiektuen inbertsioek %7 egingo dute gora eta %5 ikerketa eta garapenera bideratuko dituzte. Gizarte gastuek 7.000 milioi euro gainditu ditu lehen aldiz.
EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek herri akordioak egiteko luzatu dio eskua Urkulluri, baina PSE-EErekin osatzen duen koalizio-gobernua bertan behera uzteko eskatu dio: “Guk eskua luzatu dugu. Hemen eta orain prest gaude etorkizunari irmotasunez, seriotasunez eta arduraz begiratzeko oinarriak jartzeko: gauzak hobeto egiteko, herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko eta gizarteak etorkizun hobea izan dezan gure ekarpena egiteko”.
Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek Joseba Egibarren “okerra” zuzentzeko eskatu dio lehendakariari. Gaineratu dio, Espainiari plurinazionaltasuna aitortzea eskatzeaz gain, Euskadiren aniztasuna ere onartzeko.
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak adierazi duenez, posible da akordioak sendotzea, baina inor baztertu gabe. Behin eta berriz errepikatu du sozialisten asmoa “herrialdea elkarrekin eraikitzea dela”.