argia.eus
INPRIMATU
Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena hiru eguneko egitarauarekin gogoratuko dute
  • Ostiraletik igandera etxeko balkoitik jarraitzeko moduko programazioa aurkeztu du Gernika memoriaren lekuko elkarteak. Iganderako ikurriña eta xingola beltza balkoira ateratzeko deia egin dute, eguerdian sirena hotsa jarri eta gauean kandela bat piztearekin batera.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 24a
Xingola beltza duen ikurriƱa. Argazkia: El Correo.

Bonbardaketaren urteurrenak “babespean” harrapatu dituela dio elkartek. Zalantza eta beldur garaiotan herritar gehienak elkar zaindu eta elkar babesten ari direla adierazi du elkarteak.

Ekonomiaren babes-balioak lehenesten dituztenek “zail” dutela adierazi dute; “Gernika errautsetatik berpiztu zen moduan, oraingo honetan ere, pertsonen arteko harremanak eta bizitza erdigunean jarriz, helburu komunak erdietsiko ditugulako”. Gogoan izan dituzte etxetik urrun, espetxeetan dauden herritarrak; baita “tratu txarrak ematen dituenarekin etxean izututa bizi diren emakumeak”.

Nazioartera ere zabaldu dute begirada, eta “beste Gernikak, bonbardaketen izua sufritzen ari diren herriak” ere izan dituzte gogoan. Errefuxiatuei aipamen berezia egin diete. Ezohiko egoeraren ondorioa bestelako gizarte bat eraikitzea izango dela esanez amaitu dute komunikatua.

Programazioa

Baldintza berezietan bada ere, asteburu osorako programazioa aurkeztu du elkarteak. Ostiralean hasita igandera arte elkarrizketak, kontzertuak eta nazioarteko eragileen mezuak eskainiko dituzte. Apirilaren 26rako egin dute dei nagusia. Egun osoan xingola beltza duen ikurriña balkoira ateratzeko deia egin dute; 15:45ean sirena entzungo da herri osoan (sirenarik ez duenak webgunean jaitsi dezake soinua) eta gaueko 21:30ean kandelak piztuko dituzte.

 

 

 

Gernikako bonbardaketaren 83. urteurreneko programazioa.