argia.eus
INPRIMATU
Gernikako Astra: “Ez dugu kultur programazio osoa instituzioen esku utzi nahi”
  • “Eutsi ederrenari” lemapean, Gernikako Astrak bizi duen egoeraren berri eman du joan den larunbatean egindako agerraldi baten bidez. Proiektuak 15 urte beteko ditu abenduan eta, COVID-19aren aurkako neurriak gorabehera, jarduerak antolatzen jarraitzeko asmo argia adierazi dute. 

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko azaroaren 09a
Astrako kideak pasa den larunbatean egindako agerraldian (argazkia: Astra).

Gernikako Astra okupatu zutenetik 15 urte beteko dira abenduaren 24an eta efemeridearekin bat eginez iragarri dute, pandemia gorabehera, lan egiten jarraituko dutela. “Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen batera edo bilera batera joatea ere bai, segurtasun neurriak hartuz. Eta ez dugu kultur programazio osoa instituzioen esku utzi nahi, espazio autogestionatuetako egitarauak behar ditugu”.

Astra martxan dagoela eta egongo dela ere ziurtatu dute, eraikinean batzen eta antolatzen den komunitatea antolatzen ari delako garai hauetara egokitutako egitarauan. Hain zuzen, datozen hiru hilabeteetan fabrika zaharberrituan antolatu dituzten ekitaldien berri ere eman dute larunbat honetan egindako agerraldian, kontzertuak, zine emanaldiak, liburu-aurkezpenak eta beste hainbat ekintza iragarriz.

Horrekin batera, aurreratu dute kanpaina ekonomiko bat jarriko dela martxan laster, Astraren sostengagarritasuna bermatzeko.

Proiektuaren une honetako egoeraz informatzeaz gain, gogora ekarri dute “lana galtzeko arriskuan gaudela asko, edo galdu dugula, adibidez ostalaritzako langileek”; gaineratu dute “etxe-kaleratzeak ez direla gelditu; paper eta etxe barik daudela herrikide asko; ez dakigula alokairua edo hipoteka ordaintzeko dirua edukiko dugun” eta “politikari profesionalei eta erakunde publikoei” zuzendutako mezua ere zabaldu du Astrak: “Ez gastatu dirurik behar ez ditugun porlanezko obra eta apaingarrietan. Lehentasuna eman beharrezkoenari, pertsonentzat beharrezkoak diren premiei”.

Agerraldiaren lemak, ordea, baikortasun mezua zabaldu nahi du: “Ahal delako; beti ahal da, beti dago egiteko modu bat; egin dezagun bidea arrakalen artean, eutsi diezaiogun ederrenari: bizitzari, elkartzeari, kulturaz gozatzeari, sormenari, borrokari, elkartasunari, amets egiteari”, adierazi dute.