argia.eus
INPRIMATU
Orain 75 urteko bonbardaketa gogoan Gernikan
  • Gernikako bonbardaketa modu berezian gogoratuko dute gaur herritarrek. 1937. urteko apirilaren 26ko une latz haiek oroitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

2012ko apirilaren 26a
Gernika Sutan antzezlaneko irudia

Eguerdian Roman Herzog 1994 eta 1999 bitartean Alemaniako presidente izandakoa omenduko dute. Herzogek 1997an Gernikako bonbardaketa Condor Legioko hegazkinek burutu zutela aitortu zuen eta helarazitako gutunean sortutako saminagatik bere dolumina azaldu zion Gernikako herriari. Keinu hori dela eta, VIII. Gernika Saria emango diote. Herzogez gain, Lokarri eta Gernikako Gogoratuz ikerketa zentroek ere saria jasoko dute. Une hunkigarriena 15:45ean izango da. Ordu horretan, duela 75 urte egin zen bezala, sirena eta kanpai hotsak entzungo dira Gernikan, eta herritarrak kalera atera eta lau minutuko isilunea gordeko dute.

Egunean zehar ekitaldi gehiago antolatu dituzte. Horien artean, Nestor Basterretxea eskultoreak egindako "Suaren agonia" lana inauguratuko dute.

Arratsaldean, bonbardaketan hildakoei lore eskaintza egingo diete eta herritarrek egindako Gernika Sutan kale antzerkia ikusteko aukera izango da. Egunari bukaera emateko 21:00etan kandelez argitutako manifestazio isila egingo dute.

Espainiaren onarpenaren zain

Atzo legebiltzarrean Aralarrek Gernikan gertatutakoa onartzeko egindako proposamena EAJk, EAk eta Ezker Anitzak soilik babestu zuten. PSE, UPyD eta PP-ko legebiltzarkideek testua aldatu zuten memoriari aipamena eginez baina aitorpenik gabe, eta testu hura onartu zuten hiruek.