Gernika bonbardatu zuten egun berean, apirilaren 26an egin zuen bere lehen adierazpen publikoa Gernika Batzordeak duela 45 urte. 1937ko sarraskiaren oroimena mantentzeko tresna garrantzitsu bilakatu da ordutik. Bideoa egiten ari dira eta aurrerapen bat aurkeztu dute urteurrena kari.
1976an sortu zen Gernika Batzordea, "diktadurak ezarritako isiltasunak eta denboraren igarotzeak, pasarte hura historiaren anekdota gisa" utz ez zezan. Orain, 45 urteren ondoren, ibilbide horren testigantzak eta historia biltzen dituen ikus-entzunezkoa egin dute Gernika Batzordea, 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen izenburupean.
Dokumentala aurtengo urrian izango da ikusgai, baina Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin batera bideo-aurrerapena eskaini nahi izan dute Youtubeko kanalean:
Ekitaldi ugari, beste urte batez
Bonbardaketaren eguna hurbildu ahala, ekitaldi, hitzaldi eta adierazpen ugari egin dira aste osoan, eta astelehenean ere egun osoko egitaraua antolatu dute 84. urteurrena gogoratzeko: 15:45ean minutu bateko isilunea, ohi denez, sirenaren soinua entzunez, biktimak gogoratzeko. Gernika Batzordeko kideek eta Lobak ekimenekoek jarriko dituzte martxan, Astran eta Pasialekuan, sirena horiek. Ondoren, ilunabarrean, kandelekin ibilaldia egingo dute.
Elkartasuna abiapuntu, egungo gerren ondorioz egoera zailak bizi dituztenekin ere akordatu dira, herri kurduarekin esaterako. Eta bestalde, Guernica Gernikara. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, Gernika Bizirik abestia aurkeztu du berrikitan,Jon Rementeriaren eskutik.
Asteburuan, berriz, Pablo Picassoren Guernica margolanaren bertsio berezia egin dute Euskal Herri osoko hamaika gozogilek, Euskal Gozogileak federazio sortu berrian bilduta. Hamalau zatitan banatuta, 500 kilo txokolate erabili dute ia zortzi metro zabaleko obra egiteko. Ikusmin handia eragin du sorkuntza lan horrek eta Euskal Herrian ez ezik, Europako beste hainbat tokitan eskatu diete dagoeneko erakusteko.