Irailaren 9an estreinatuko da “Gernika”, Koldo Serra zinemagile bilbotarraren filma. Malagako Zinemaldian egon zen ikusgai lehenengoz eta irailaren 7an izan da aurrestreinaldia Bilboko Guggenheim museoan. Euskal Herrian dago kokatua eta Teresa (Maria Valverde) eta Henryren (James D’Arcy) arteko maitasun istorioa du ardatz. Pelikularen amaieran Alemania naziko aire indarrek 1937ko apirilaren 26an abiarazitako bonbardaketa da protagonista, ia 20 minutuz.
1936ko gerra da funtsean pelikulan ikus daitekeena. Ordea Serrak II.Mundu Gerrarekin lotu nahi izan du filma, Berriari azaldu dionez: “Alemaniarrentzat II. Mundu Gerrarako entsegu moduko bat izan zen Gernikaren aurkako bonbardaketa. Gerra hartan hastapenetan ikusi daitezkeen informazioa manipulatzeko metodoak ere garatu egin ziren gero. Eta nik neuk ere, formalki pelikulari II. Mundu Gerra atariko itxura bat eman nahi nion”.
Ingelesa da filmeko hizkuntza nagusia baina euskaraz, gazteleraz eta alemanez ere mintzo dira pertsonaiak. Nazioarteko kazetariek ingelesez egiten dute, esaterako; euskaraz eta gazteleraz gernikarrek eta alemanez Kondor Legioko militarrek.
Valverde (errepublikako propaganda eta komunikazio arduraduna da Teresa) eta D’Arcyrekin batera (kazetari estatubatuarra da Henry) Jack Davenport eta Barbara Goenaga dabiltza sei milioi euroko aurrekontua izan duen film honetan.