Ur geldiko putzura jaurtitako harritzarrak eragindako astinduaren parekoa izan da birus malapartatuak gure bizimoduan eragin duen inarrosaldia. Lasaiago edo estuagoa generaman egunerokoa hankaz gora jarri digu, ohiko jardunera noiz eta nola itzuliko garen ez dakigula.
Gobernuak –Espainiakoak, noski, krisi honek agerian utzi baitu gure gobernutxoen izaera mendekoa– berandu eta, agian, laburregi bada ere, babes eta isolamendu neurriak hartu ditu gaitzaren hedapena eragozteko. Horren ondotik, martxoaren 18an argitaratutako Dekretu-legeak neurri sorta zabala jarri du indarrean, hein handian langileen kondizioei dagozkienak.
Neurrion artean azpimarratuko dut Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak (ABEE deituko dugu gaztelaniaz ERTE deritzanari) errazteko ezartzen den araudi berezia. Esan behar da Gobernuak onartutako neurriak ez dietela inolako babesik eskaintzen prekarioetan prekarioenei: arauz kanpo lanean ari diren irregularrei –paperik gabeak, batez ere– eta etxeko langileei.
Bi ABEE mota jasotzen ditu Dekretu-Legeak: Covid-19ak zuzenean eragindako salbuespeneko edo ezinbesteko egoeragatik aurkezten direnak; eta, ekonomia, teknika, organizazio edo ekoizpenari lotutako arrazoiengatik aurkeztutakoak, betiere, Covid-19aren eragina baldin badago atzean.
Lehenengo ABEE mota, “espres” deitu dezakeguna, langile edo bere ordezkariekin inolako negoziaziorik gabe aurkeztu dezake ugazabak eta bost eguneko epean erabaki beharko du lan-agintaritzak.
Bigarren AEBE motan ugazaba behartuta dago zazpi eguneko kontsulta tartea irekitzera langileen ordezkaritzarekin, horrela espedientearen arrazoiak argitu eta kondizioak negoziatzeko.
Bi motatako ABEEtan sartuta dauden langileek langabezia saria jaso ahal izango dute –aurretik gutxieneko kotizazio epea beterik ez badute ere–; gainera salbuespeneko egoerako denbora horrek ez du murriztuko bestela irabazita duten langabezia sariaren denbora.
Lanaldiaren murrizketa edota ordutegiaren egokitzapenerako aukera ere aurreikusten du arauak, senideen zaintzarako eta baldintza jakin batzuekin.
Noski, Dekretu-Legea hemen jasotako zertzeladak baino askoz zabalagoa da eta bere egoerari dagozkion zehaztapenak bilatu nahi dituenak iturri osoagoetara jo beharko du. Ikusi amaierako estekak.
Bukatzeko enpresa bakoitzean langileen ordezkari ofizialek, edota, ordezkaritzarik ez balego, langile eurek jarraitu beharreko hainbat irizpide:
Egoera larriak baliatu izan ditu kapitalak “shock”-aren estrategia ezarri eta posizioak irabazteko. Aitzitik, oraingoan kapitalismoaren arraildurak agerian utzi dituen “shock”-a balia dezagun izaera eta lan kolektiboa, klase elkartasuna, sindikalismoa, auzolana, gizarte antolatua… balioetsi eta indartzeko.