argia.eus
INPRIMATU
Gerla berriaz
  • Gerlan” gaude, erran die frantsesei Emmanuel Macronek, “gerlan [...] ikusezineko eta harrapatu ezineko etsai baten kontra”. “Mobilizazio orokorrera” deitu ditu hiritar frantsesak, gizarte infektatua sanotzeko helburuarekin. Macronek jadanik erakutsia zuen gatazkarendako isuria, sortu duen alderdi politikoaren izenetik hasiz –en marche edo “martxan” adierazpideak historian beti ukan du konnotazio lipiztaria– eta gizartearen oldartzea eragin duten bere erreformekin segituz.

Katixa Dolhare-Zaldunbide 2020ko martxoaren 26a

Gerla testuinguruan garatzen ohi den batasun nazionala sustatzea espero du, hain segur, gaizki doan gizartearen oniritzia lortzeko. Herritarren askatasunak murriztu ditu Frantziako Legebiltzarrak, larrialdi sanitario egoeraren izenean. Gertakariak kontrolpean izan daitezkeela ustearazi nahi dio jendeari Emmanuel edo Mesias ez dibinoak –baina ongi dakigu egoera orokorra menderakaitza dela, azpi-egoera absurdo eta irrazionalen eragilea–. Aspaldi murriztu zaizkien baliabideekin neurriz goitiko eri kopurua artatu behar dute orain ospitaleek, eta beste arloetako langileek presiopean telelana egin behar dugu etxetik, baldintza kaxkarretan eta beldur giroan, gure soldata bermatzeko eta sistema ekonomikoa begiratzeko.

Funtsean, Europa osoan herri frankok hetsi ditu bere mugak, eta aterabide nazionalen barnean daude herritarren salbamen igurikiak. Beste gisan dagoeneko pozoitua zen kooperazio europarra zaparta daiteke koronabirus berri horrekin, baita nazioarteko harreman baketsuak ere. Kanpora, bakea eta bake prozesuak! Gerlak berriz ere balioa dauka!

Orain arte, hiztegi militarra, beldurraren eta garaipenaren lexikoa, normaltasunez erabiltzen ziren norbanakoen xangrea aipatzeko. Martxoaren 16ko Macronen hitzalditik geroztik, indar kolektiboarekin lotuko da, irabazi arte!

Bizkitartean, alderantzizkoa gerta daiteke. Birusa ez harrapatzeko herritarrak konfinaturik egon beharrean, ele liskartien ordez elkartasunezko, jendetasunezko eta maitasunezko solasak gara daitezke, gatazka giroari aurre egiteko. Han eta hemen, gurasoek elkar lagunduko dute beren haurren irakaskuntzaren jarraipena segurtatzeko; herritarrek bakarrik bizi diren auzoen berri erregularki hartuko dute, edo presuna zahar bakartiendako erosketak eginen; irakasleek bestelako harremanak, hurbilagoak, sortuko dituzte etxetik beren ikasleekin eta horien aitamekin. Etxeetan, denbora gehiago ukanen dugu elkarrekin mintzatzeko eta momentu goxoak partekatzeko, izua baztertu eta gero. Hots, gure emozioak kudeatzeko ariketa egiteko eta funtsezko gauzetan birzentratzeko parada izanen dugu.

Gogoetatzeko astia hartuz, nor bere egoitzan, ohar gaitezke Covid-19 delako birusa beldurgarria zaigula berria delako, ez daukagulako horren kontrako sendabiderik, ziztu handian hedatzen delako, bereziki gure herrialde aberatsetan, eta munduko ekosistema zangoz gora ezarri duen kapitalismoaren ondorioa baizik ez delako. Horrelako inarrosaldiak behartuko gaitu, araiz, zentzuzko bide iraunkorrak hartzen geroan, indarra ezarriz, azkenean, jadanik ezagun genituen izurriteen aurkako borroketan, izan osasuna eraso egiten dituzten izurriteak (paludismoa, xangrea...), izan jendartearen baitako harremanak suntsitzen dituztenak (indibidualismoa, diru- eta botere-gosea, kolonialismoa...), izan lurraren oreka naturala zangopilatzen dutenak.

Azkenean bakean bizitzeko.