argia.eus
INPRIMATU
‘Gerezien denbora’ pastorala berriz eskainiko dute igandean Errobiko jaialdian
  • 'Gerezien denbora' pastoral hiritarra bigarrenez ikusteko aukera izango da igandean Itsasun, Errobiko jaialdiaren baitan. Izen bereko Itxaro Bordaren eleberrian dago oinarrituta eta Beñat Axiari arituko da errejenta lanetan.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 18a
Baionan estreinatu zuten pastorala ekainaren 29an (Arg.:bizkaie.biz)

Ekainaren 29an estreinatu zen 'Gerezien denbora' pastorala. Baionako portuan egitekoa zen arren, eguraldi txarra tarteko, azkenean Lauga kiroldegian taularatu zuten. Unai Brea ARGIAko kazetariak orduan idatzitako artikuluan azaldu zituen pastoralaren xehetasun gehiago:

“Errejenta lanak egingo dituen Beñat Axiariren nahikari batengatik sortua da Gerezien Denbora, Zuberoatik kanpo eraikitako lehenbiziko pastorala. Hiri pastorala esan diote bere sortzaileek, baita pastoral post-industriala ere, baina nago adjektiboa zehatzagoa litzatekeela 'post' aurrizkia gabe. Ez zaitzala nahasi izenak iradokitzen duen naturarekiko loturak; Gerezien Denbora fabrika batean gertatzen den istorioa da, eta bertako langileen borroka du ardatz. Edo ardatzetako bat bederen.”

Pastorala Errobiko jaialdiko protagonista

19. edizioa du aurten Errobiko jaialdiak. Antolatzaileen arabera, aurtengo festibalak pastoral tradizionalaren indarguneak eta hiri-pastoralen ezaugarriak erakutsi nahi ditu; dantzaren, kantuaren eta antzerki musikatuaren bitartez ”memoria eta kultur-sorkuntza” uztartuz.

Jaialdiaren antolatzaile ere baden Beñat Axiarik adierazi du aurten ere nazioarteko eta bertako artistak batuko direla, jaialdiaren muina den sorkuntza artistikoaren baitan. Egitarau osotik, “ehun aktore, dantzari, abeslari eta musko baino gehiagoren lankidetzan” sortutako pastorala nabarmendu du Donapaleuko kantariak.