argia.eus
INPRIMATU
Sheila Melcon
“‘Geratu etxean’ horren atzean inork ez zigun esan etxea ez zela leku segurua emakume askorentzat”
  • Sheila Melcon Sortzen aholkularitzako adituak COVID-19ak sortutako krisi egoeran indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak aletu ditu. Indarkeria matxista. COVID-19aren beste errealitatea eta aurre egiteko estrategiak hitzaldia eskaini zuen Zumaian asteartean.

Baleike @baleike Maria Maya Manterola Mireia Galarza 2020ko azaroaren 27a

Melconek Sortzen aholkularitzan egiten du lan. Aholkularitza hau aditua da  emakumeenganako indarkerian eta ahalduntzean.

Datuek diote jaitsi egin direla eraso matxisten salaketak. Zein da errealitatea?

Datu hauek distortsionatuta daude; ez dira jaitsi erasoak, jaitsi direnak salaketak dira. Salaketarik ez egoteak ez du esan nahi indarkeriarik ez dagoela. Hori garbi esan behar da. Indarkeriak beste formatu batzuk hartu ditu konfinamenduan: ez da hainbeste indarkeria fisikorik egon, baina bai kontrol asko. Emakumeak kontrolatuagoak ari dira izaten. Erasotzaileek badakite noraino heldu daitezkeen, eta noraino ez. Emakume hauek orain beste ondorio batzuk izaten ari dira. Sekulako euste lana egin dute konfinamendu garai honetan. Indarkeria psikologikoa jasaten egon dira, eta egoera horretan gordetzen egon dira indarkeria fisikora ez pasatzeko. Euste guzti horrekin, karga psikologiko guzti horrekin, gorakada bat izaten ari gara; kontsultak betetzen ari dira, eta gordetako guztia azaleratzen hasi da.

Konfinamenduan telefonoaren bestaldean egon gara emakume hauekin. Azkenean, gure lana eustea izan da, eta etxean seguru mantentzeko pautak ematen aritu gara. Kasik kontraesan bat ematen du, baina, adibidez, esaten genien etxean bi logela bazituen umeekin haietako batean sartzeko, eta krisketarekin ixtea gomendatu genien. Biziraupeneko pauta batzuk ematen genizkien. Biziraupen honetan une oso latzak bizi izan dira, eta emakumeek beraiek kudeatu behar izan dute ahalik eta hobekien, jakinda erasotzailea barruan zegoela. Konturatzen ginen telefonoz egoera zailtzen ari zela. Erasotzailearen aurrean erasotua izaten ari zela ezin zuten esan, eta batzuetan emakumeek medikuari deitzen ari zirela antzeztu behar izaten zuten. Galderen bitartez joaten ginen artatzen zer egoeratan zeuden; kodean hitz egin behar izaten genuen. Ikusi genuen emakumeei zuzendutako telefono hauek ez zeudela hain ondo pentsatuta, eta agian WhatsApp bidezko zerbitzua ere eskaini behar zela. Espainia mailan martxan da WhatsApp bidezko zerbitzua, baina hemen, Euskadin, ez dago aktibatuta. Hiru herritan jarri dugu martxan mezuen bidezko sistema, eta bai ikusi dugula deiak baino gehiago WhatsApp bidezko mezuak jasotzen ditugula. Azkenean errazagoa da idaztea.

Etxea ez da leku segurua izan emakume askorentzat konfinamenduan.

Azkenean, etxean geratzeko agindu ondoren halako boom bat egon zen. Martxoaren 14an konfinatu gintuzten, eta “geratu etxean” horren atzean inork ez zigun esan etxea ez zela leku seguru bat emakume askorentzako, ez haurrentzako ere. Azken finean, beraiek ere biktima zuzenak dira hemen. Osasun neurri horien atzean emakumeen gai asko esan gabe utzi ziren. Datu eta estatistika guztiek diote emakume batentzako lekurik arriskutsuena bere etxea dela. Eraso guztiak, jipoiak, bertan ematen dira. Jarri dizkiguten neurri guztiak, kontrol guztia, gure aurka dator azkenean. COVID-19ak eragindako kontrol honetan zenbait pertsona zaurgarriak bihurtu dira. Gure sexu-sistema honetan eragin zuzena izan du; emakumeak izan dira kaltetuenak. Hemendik aurrera erabakitzen diren politiketan arreta jarri behar zaio behar hauetan ere. Ez bakarrik osasuna bermatzen, baita emakume hauen egoera mahai gainean jaertzen ere.

Hitzaldia prestatzen egon nintzenean, gogoan izan dut instituzioetatik abian jarritako maskara 19 kanpaina. Farmazia batean ‘maskara 19’ esaten bazenuen, protokoloa martxan jartzen zen. Pentsa, zuk etxean haurrak badituzu, ez zara joango saltaka farmaziara ‘maskara 19’ esatera; haurrak erasotzailearekin barruan utziko dituzu. Zenbait neurri hartzen dira, baina ez dira hartzen emakumeen beharretara begira. Neurri hauek hartzen direnean gakoa da gai hauetan jakitunak direnekin kontrastatzea. Androzentrismoarekin hautsi behar da; nik uste hartu diren neurri hauek guztiak gizonen ikuspegitik hartu direla.

Inkesta baten arabera, emakumeen %79 indarkeria egoeratik ateratzen dira banaketa baten ondorioz. Goazen aztertzera konfinamenduan zer gertatzen den. Nire senarrari salaketa jartzen diot erasotzailea delako. Nora doa orduan gizonezko hau? Bada, etxegabekoen aterpe batera, konfinamendu garaian beste aukerarik ez zegoelako. Hor emakumearen kulpa dago, ezin duelako ikusi bere senarra etxegabeen aterpe batean. Nik uste alternatibak ez zirela ondo aurreikusi.

Prekarietate ekonomikoaren ondorioz edota erasotzailearekin bizitzeagatik, badira konfinamendua beren erasotzailearekin igaro beste erremediorik izan ez duten emakumeak. Indarkeria estruktural horrek beste forma bat hartu du pandemian?

Lehen pentsatzen genuen bazegoela dependentzia ekonomiko bat honen guztiaren atzean. Emakumeak mundu laboralera atera direnetik nik uste ez dugula hainbesteko dependentzia ekonomikoa ikusten, beste dependentzia batzuk, baizik. Emozionalak, psikologikoak... Horiek oso zailak dira desaktibatzen, indarkeriaren zikloko parte direlako. Pandemia honek bai eramango gaituela berriro prekarietate batera. Prekarietate ekonomiko honek zaurgarritasun egoera batera eramaten gaitu berriro.

Ezin dugu utzi hitz egin gabe emakume migranteek konfinamenduan pasa dutena. Egon dira etxeetan esklabu formatu batean; ez zieten uzten ateratzen, eta esklabizatuta egon dira oso egoera kaskarrean. Kutsatzeko beldurrarekin lanera ez joateko esan diete batzuei, baina ez diete gero ordaindu. Pandemia garaian, prekarietate honekin, arrakala handiak ikusi dira.

Feminizatuta dauden sektoreak hor daude, garbitzaileak direla, zaintzakoak direla, erizainak direla, covidaren lehen lerroan egon dira. Ezin dira ahaztu pandemiaren aurretik Gipuzkoako egoitzak greban zirela. Zaintzaren krisia bazegoen aurretik ere, eta honek agerian utzi du.

Pandemiaren ondorioz agerian geratu dira lehen zeuden gabeziak?

Orain ageriago utzi du. Goazen pentsatzera zer egin dezakegun hemendik aurrera. Argi duguna da ez dugula bueltatu nahi aurreko normaltasun horretara. Ez zegoen berdintasun egoera bat, eta ez ditugu berriro akatsak errepikatu behar. Hitz egin behar dugu hortaz dakien jendearekin. Ikusi behar dugu zer neurri hartu daitezkeen, eta herri mailan zer egin daitekeen.

Zumaiak erakutsi du baduela komunitate sen bat: maskarak egiteko egitasmoa sortu zen, eta auzozaintza kanpaina ere egin zen. Udala, instituzio bezala, herriaren beharretara jarri zen. Ni Bilbon bizi naiz, eta auzosaretzea abian jarri genuen gure inguruan, eta erreferente moduan Zumaia eta beste herri batzuk hartu genituen. Herriari eman behar zaio boterea, baduelako halakoetatik ateratzeko gaitasuna. Horretarako herriak berak salatu behar ditu egoera zaurgarri hauek, emakumeek jasaten dituzten hainbat eta hainbat indarkeria hauek.