Emmamuel Macron Frantziako presidenteak, kostata, baina azkenik Geràrd Collomb Barne ministroaren dimisioa onartu behar izan du. Edouard Philippe Lehen ministroak haren funtzioak hartu ditu bere gain.
Philippe Lehen ministroak Collomb Barne ministroaren kargua hartu behar izanak baieztatu du Macron gero eta egoera larriagoan gobernatzen ari dela. Azken Ministroen Kontseiluaren ostean, Philippe ez da ordezkaririk izendatzeko gauza izan. Une batez, solastoki politikoetan, Ministerioko goi-mailako polizien izenak aipatu ziren, inolaz ere ez politikarien izenak.
Collombek esan duenez, Lyongo alkatetzara itzuli nahi du, hori egin ahal izateko kargua utzi beharra argudiatuz. Orain hilabete batzuk, berriz, bi urte barru izanen diren Europako Parlamenturako hauteskundetara aurkezteko asmoa azaldu zuen publikoki. Agerraldi hark Macron eta Collomben arteko ulertezina publiko bihurtu zuen.
Frantziako Gobernuaren egoera gero ahulagoa da: udaldian ere, Macronek bere gobernua moldatu behar izan du bi bider, Nicolas Hulot-en eta Laura Flessel-en dimisioengatik
Barne ministroaren eta Estatuko presidentearen arteko harremanek komunikazioan huts egin bide dute hastapenetik. Elkarren arteko desadostasunak asko izan dira. Hauxe horietako bat: Barne ministroak Lehen ministroa publikoki kritikatu zuen, uztailaz geroztik bideko abiaduraren muga –80 km orduko– gutxitu baitzuen Estatuko hainbat errepidetan. Frantziako nekazal munduko herrietako auzapez asko haserrearazi zuen neurri hark.
Alexandre Benallaren afera izan bide da krisia areagotu duena. Benalla Macronen segurtasunaren arduradunetako bat da, polizia izan gabe bere burua halaxe agertu duena publikoki. Martxa bateko manifestariak jipoitzeagatik hedabideetako lehen orrietara jalgi zen ere udaldian.
Collombek Parlamentuko agerraldi ohiko batean adierazi zuenez, berak ez zuen Benallaren berririk. Ez nor zen ezta zein lanetan ari zen. “Barne ministro batentzat onartezina eta iritzi publikoaren aitzinean azaltzeko zaila”, bere hitzetan.
Frantziako Gobernuaren egoera gero ahulagoa da. Udaldian, Macronek bere gobernua moldatu behar izan du bi bider. Lehena, Nicolas Hulot-en dimisioa dela eta, eta bigarrena Laura Flessel Kirol ministroarena ezagututa. Bi dimisioek, bat-batekoak, Gobernuaren izaera kolokan ezarri zuten.
Halaber, François Bayrouk gogor kritikatu ditu Macron eta bere gobernua. Macronek Paueko auzapez biarnesa Gobernuko Justizia ministro izendatu zuen legealdiaren hasieran; alabaina, Bayrouk kargua hartu orduko dimisioa eman zuen bien arteko oinarrizko desadostasunengatik.