argia.eus
INPRIMATU
Georges Abdallah askatzeko agindu du Frantziako Justiziak, Europako preso politikorik zaharrena
  • Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da. Abenduaren 6an aske utziko dute.

Axier Lopez @axierL 2024ko azaroaren 15
Abdallah bere ziegan.

Europan urte gehien espetxean daraman preso politikoa libre geratuko da abenduaren 6an, baldin eta Frantziako Estatutik alde egiten badu. Halere, Frantziako terrorismoaren aurkako fiskaltzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aske uzteko aginduaren aurka helegitea aurkeztuko du, RFI hedabideak, besteren artean, jaso duenez.

73 urteko Georges Ibrahim Abdallahk inoiz ez ditu bere gain hartu leporatu dizkioten atentatu horiek, baina ez ditu sekula isildu bere ideia politiko antiinperialistak. 1999az geroztik baldintzapean aske egon bazitekeen ere, sistematikoki errefusatu zaio aukera hori. Hamaikagarren aldikoz aztertu diote eskaera eta azkenean, azaroaren 15ean, jakitera eman dute libre utzi beharko dutela.

1984tik preso

Abdallah 1984an atxilotu zuten eta biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten 1987an, 1982an Parisen Charles Ray agregatu militar estatubatuarraren eta Yakov Barsimentov diplomatiko israeldarraren hilketetan parte hartzea leporatuta, baita Robert Homme AEBetako kontsula Estrasburgon hiltzen saiatzeagatik ere.

Fakzio Iraultzaile Armatu Libanoarrek bi hilketen egiletza aldarrikatu zuten, 1975ean Libanoko gerra zibilean AEBek eta Israelek parte hartu zutela argudiatuta, baita Israelek Libano hegoaldea okupatu zuelako ere.

Duela hilabete, ARGIAk Georges Abdallahri buruzko erreportaje zabala eta bere abokatu Jean-Louis Chalanset-ekin elkarrizketa argitaratu zituen, Jenofa Berhokoirigoinen eskutik. Bertan azaltzen da Abdallahren ibilbide. jarrera politikoa eta 40 urteko auzibidea, Europan kartzelan denbora gehien daraman preso politiko bilakatu arte.

Etengabeak izan dira Abdallahren aldeko mobilizazioak. :::mediActivista::: (CC BY-NC-SA 2.0)