Errepublikanoen gehiengo estu-estuarekin abian jartzear den Ordezkarien Ganbera estatubatuarrak badu bere lehen eskandalu potoloa: George Santos kasua. New Yorkeko 3. Barrutiko hautetsi berriak bere biografia "tuneatu" ez ezik goitik behera asmatu egin zuela gero eta argiago dago, eta aitortu ere aitortu du berak hori.
"Normaltasunean", arerio demokratek dioten bezala, Santosek bere jarlekura ez lukeela heldu behar dirudi, edo berehala dimisioa eman beharko lukeela. Santosek deliturik egin ez badu ere, hautesleei egin zaien iruzurra nabarmenegia delako. Baina AEBko politikagintza aspaldi atera zen normaltasunaren ibilbidetik. Eta errepublikanoek Ordezkarien Ganberan duten gehiengo eskasak ez du errazten jarleku baten kolorea alda lezakeen aparteko hauteskundeetara jotzeko hautua egitea. Santosek, bestalde, arbuioen zaparrada aguantatzeko azala erakutsi du, orain arte behintzat.
Kasuaren berezitasun nagusia izango litzateke ia biografia osoa, eta ez huskeria batzuk, asmatu dituela Santosek, antza denez. Anbizio politikoa adinako eskrupulu gabezia eta dezenteko mitomania ere badu tipoak nonbait. Baina Donald Trump bezalako norbait Etxe Zuriraino heldu eta, bertan lau urte eman ondoren, berriro itzultzeko prest ez ezik aukerekin ageri duen herrialde batean, oso bigarren mailako zerbait litzateke Santos kasua.
Munduko lehen potentziako politikagintzan (gizarteko beste esparru batzuetan ez murgiltzearren) gezurrak hartu duen egunerokotasunaren kategoriara garamatza horrek. Watergate kasuak eta Nixonen dimisioak erakarri zuten katarsiaren ondotik, gure artean salmenta ona aurkitu zuen gogoeta bat hedatu zen: "Nahi duzuna izango dira Estatu Batuak, baina han, gezurretan harrapatzen bazaituzte, akabo".
Hamarkada pare bat behar izan genituen ekoizkin ideologiko hori ere... gezurra zela jabetzeko: Colin Powellek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan erakutsi zuen ontzitxoan garbikaria, ez antraxa, zegoela jakin –eta sinetsi– genuen arte edo. Nixon eta Trumpen arteko zubi-lana egin duen Roger Stoneren "langintza ilun" jarraituen berri jakiteak uxatu behar lizkiguke azken ametsak. Hortik aurrera, ikusi besterik ez dago nolako "egitateekin" elikatzen den AEBek duten gatazka geopolitiko bakoitzaren aurrean Estatu Idazkaritzatik kudeatzen den "orkestra mediatikoa".
Bekatuak bekatu, edozein drogak bezala funtzionatzen duen pozoi soziala da, ordea, gezurra: unean uneko arazoren bati iskin egitearen truke, informazioaren kudeaketa biziro aldrebesten duen zerbait. Eta informazioaren gizartean, horren eragina inoiz ez bezalakoa da, ezinbestez.
Horren zaila ote da hori ulertzea?