argia.eus
INPRIMATU
George Floyden omenezko mobilizazio antiarrazistak deitu dituzte Euskal Herrian
  • Bilbon, Iruñean, Baionan eta Donostian egingo dira mobilizazioak. Iruñean 2016an poliziaren eskuetan hil zen Elhadji Ndiaye ere oroituko dute.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 04a
Elhadji Ndiayeren aldeko mobilizazioa Iruñean. Argazkia: SOS arrazakeria

Mobilizazioak deitu dira egunotan Euskal Herrian George Floyd omentzeko eta arrazismoa salatzeko. Ostegunean, ekainak 4, Baionan egingo da elkarretaratzea, 19:00etan Errepublika plazan. Ekainaren 6an, larunbatean, Iruñeko Arrotxapea auzoan elkarretaratzea egingo dute, Martzelo Zelaieta eta Artika kaleen artean, eguerdiko 12:00etan. Igandean, ekainak 7, Bilbon eta Donostien egingo dituzte mobilizazioak. Bilbokoa Albia lorategitik abiatuko da goizeko 11:00etan. Donostiakoa Bulebarreko kioskotik irtengo da, eguerdiko 12:00etan.

Bilboko manifestazioa Espainiako Beltz Afrikarren eta Afrikar Arbasodunen Komunitateak deitu du; Iruñekoa, berriz, Africa Unida, Flor de Africa, Mugak Zabalduz Karabanak, Papeles y Derechos Denontzat, EH 11 Kolore, Iruñea Harrera Hiria eta Nafarroako SOS Arrazakeria taldeek antolatu dute.

Elhadji Ndiaye gogoan

Floydez gain, 2016an poliziaren eskuetan zendu zen Elhadji Ndiaye ere oroituko dute Arrotxapean. Auzoan atxilotu zuten senegaldarra, eta Chinchilla kaleko Espainiako Poliziaren kuartelean hil zen. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aburuz, “autopsian ez zuten indarkeria zantzurik aurkitu”. Atxiloketaren bideoek, ordea, bortizkeria handia erakusten dute. Haren heriotzaren xehetasunak oraindik argitzeke dauden arren, epaitegiak kasua artxibatu zuen, "arrazoi naturalengatik" hil zela argudiatuta.