argia.eus
INPRIMATU
Floyd hiltzeaz salatutako poliziari milioi bat dolarreko fiantza ezarri diote baldintzapeko askatasunerako
  • 1,25 milioi dolarreko fiantza ezarri diote George Floyd hiltzea egozten dioten Derek Chauvin poliziari, epaiketa baino lehen baldintzapean aske ateratzeko. Hainbat baldintza beteta, ordaindu beharrekoa milioi bat dolarrera murriztu ahalko du.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 09a

Fiantza hori milioi 1 dolarrera murriztu ahalko du Chauvinek, baldintza hauek betetzen baditu: legea betetzeko konpromisoa hartzea, gorteen aurrean agertzea, ez segurtasun indarretan lan egitea eta armak erabiltzeko baimenei uko egitea. Horrez gain, ezingo da Minnesota estatutik atera eta George Floyden senideekin ezingo du harremanik izan.

Epaile aurrean, telematikoki

Derek Chauvin polizia Oak Park Heighs kartzelan dago, George Floyd bigarren graduan hiltzeaz salatuta. Jeannice Reding epaileak darama kasua eta ekainaren 9an telematikoki agertu da epaile aurrean Chauvin. Bere abokatu Eric Nelson-ek ez du txintik esan fiantza honen aurrean.

Minnesotako fiskal nagusia den Keith Ellisonek beste hiru poliziaren aurkako karguak aurkeztu ditu: Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane. Polizia hauek Floyd atxilotu zuten unean bertan ziren, eta bigarren graduko hilketa laguntzea eta bultzatzea egozten die.

Auzitegian hurrena ekainaren 29an elkartzea hitzartu dute.