Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.
Nola sortu ziren geruza horiek? Itsas hondoko sedimentuen dekantazio geldoaren ondorioz. Azken batean, organismo mikroskopikoen maskorrak eta kontinenteen arteko higadurak sorturiko sedimentu finak baino ez dira: lehenak nagusituz gero kareharriak geruza gogorra sortuko du, bigarrenak nagusituz tupa sortuko da, geruza bigunagoa, eta gehiengoa buztina baldin bada lutitazko geruza izango dugu, hau ere biguna. Toki batzuetan ikusi ahal izan denez, geruza batetik bestera 10.000 urte besterik ez dago.
Klima aldaketek sorturiko geruzak
Geruza sortzeko beste arrazoi batek Lurraren mugimenduekin eta klima aldaketekin du zerikusia: Milutin Milankovic astronomo serbiarrak teorizatu zuenez, Lurraren ardatzak eta orbitak izaten dituzten bariazio ziklikoek eragina dute kliman, eguzkiaren erradiazioa handiagoa edo txikiagoa delako. Horrek, halabeharrez, itsas hondoko sedimentuen metatzean ere eragiten du.
Baina badira beste geruza mota batzuk gure kostaldeko flyschetan, ibaiek eramandako hareharrizko sedimentuek itsas-hondora amiltzean sortuak. Euskal kostaldean dagoen arro sakona edukiontzi ezin hobea izan da flyscha sortzeko; duela 110 milioi urtetik (Behe Kretazeoa) metatzen ari direnez, 5.000 metroko lodiera gainditzen dute sedimentuek. Adibide asko ditugu: hareharriz osaturiko Jaizkibelgo flysch kapritxosoa, Armintzako flysch beltza, Lapurdiko erlaitzeko flyscha... Uribe Kostan, Sopelako, Meñakozeko eta Barrikako hondartzetan bada flysch berezi bat bere itxura deformatuagatik harridura sortzen duena: geruzak tolestuta agertzen zaizkigu artelanak bailiran.
Baina seguruenik Mutriku, Deba eta Zumaia artean dagoen Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha da ikusgarriena, iragana irakurtzeko munduko santutegi geologiko handienetako bat osatzen baitu. Hainbat Geoibilbide daude atonduta: Algorrin dinosaurioen desagerpena nola izan zen azaltzen duen geruza aurki dezakegu; Elorriagan labarrei panoramika bikaina hartu; Laparin fosil tropikalak ikusi flysch zaharretan; Olatzen kareharriz, artadiz eta mendi piramidalez egindako haranean barneratu; eta Sakonetan marearteko harralde eta senadietan ibili, edo Aitzuriko kobak eta Mendatako kala ezagutu.
Non
Gipuzkoa (Mutriku, Deba eta Zumaia)
Nola iritsi
Zumaia eta Deba arteko N-634 errepidetik Elorriaga auzora joateko bidea hasten da, baita Sakonetara jaistekoa ere; Errotaberriko atsedenleku ederrean utzi daiteke autoa.
Informazioa
www.geoparkea.eus webgunea eta Geodibertsitatea liburua.
[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]