Urtebete igaro da, diotenez. Ez dut sekula ulertu mendebaldarrok daukagun ohitura harroputz hau: nahiz eta gatazkak ia mende bateko iraunaldia izan, datak nahierara moldatzen ditugu, garrantzia nolanahi oparituz. Azkeneko sasoia ezberdina izan al da beren lurraldean preso daudenen palestinarrentzat? Sinestea kostatzen zait.
Heriotzek gora egiten jarraitzen dute, Ukrainaren kasuan soinekoak urratu zituztenen geldotasuna bitarte. Arabiarren bizitzek ez dute hainbeste balio; milaka pertsona etxerik gabe geratuko dira, eta beste hainbatek nora itzultzeko lekurik ez du izango. Inozoek Nazioarteko Komunitatea genozidioaren baretzailetzat dute oraindik, hitzetatik ekintzetara igaro ez den hura, hain zuzen ere. Gerra amaitzen denean Gazak, munduko presondegirik handienak, infernua izaten jarraituko du. Horren gordina da eurak bizitzen ari diren abernua.
Zenbateraino izan behar du asimetrikoa gudu batek gerratzat hartua izaten jarraitzeko? Albistegian egunero ikusten duguna sarraski hutsa da eta, tamalez, komunikabideek hitza maiz ekiditen dute; gupidagabeak Putinen Errusiarekin, baina lotsorrak Israelekin. Benjamin Netanyahuren gobernuak eskolak eta ospitaleak kontzienteki bonbardatzen zituen aldi berean, distantziakidetasunaren mamuak gizartea erabat blaitu zuen.
Galeriarentzat su-etena eskatu zuten arma-negozioek bidea segitzen dutela ezkutatuta. Gerra esportazioen etena iragarri arren, Espainiako Defentsa Ministerioak ia milioi bat euro munizio saldu zion Israeli azken gatazka hasi zenetik
Bestalde, Espainiako historian egondako “gobernurik aurrerakoiena” deritzonak Palestinako Estatuaren subiranotasuna onartu du Israelekin tratuak isil-gordeka ixten zituela. Hau da, galeriarentzat su-etena eskatu zuten arma-negozioek bidea segitzen dutela ezkutatuta. Duela hilabete batzuk argitaraturiko albisteak zioenez, gerra esportazioen etena iragarri arren, Defentsa Ministerioak ia milioi bat euro munizio saldu zion Israeli azken gatazka hasi zenetik.
Geroz eta bistakoagoa da heriotzen prezioa herritartasunak ezartzen duela. Morala edukirik gabeko teatraltasuna baino ez denez, politikariek keinu hutsen pantomima eskaintzen digute, gertakariak errealitatetik bereizita. Noiz arte eutsiko diegu AEB eta Europar Batasuna gaizkide dituen Israel bezalako estatu baten gehiegikeriei?
42.000 hildako baino gehiago (16.900 haur eta horietako 700 inguru urtebete azpikoak). Ia 100.000 zauritu, beste horrenbeste desagertutako, 1,9 miloi desplazatu… Gazako biztanleriaren %90ak ihes egin du bizitza salbatu ahal izateko. Erbesteak salbamenarekin zerikusirik baldin badu, bederen.
Genozidioaren egunkariak aurrera darrai.
Jon Otermin Benito