argia.eus
INPRIMATU
Genozidioa eta sionismoa ez dituztela zurituko erakutsi diote Maccabi taldeari Gasteizen
  • Gasteizko Baskonia taldeko jarraitzaile eta ikusle askok bat egin du Israeli Boikot ekimenak eta Indar Baskoniak antolatutako protestarekin: Tel Aviveko Maccabi eta Saski Baskoniaren arteko partidura bost minutu berandu sartu dira, eta partida osoan Palestinako banderak erakutsi eta "genozidioa" oihukatu dute, besteren artean.

Axier Lopez @axierL 2024ko otsailaren 02a
Raul Bogajo - Foku

Ostegunekoa ez da saskibaloi partida arrunta izan. Israel Palestinan egunez egun gauzatzen ari den genozidioa oso presente izan da, entitate sionistak nazioartean duen enbaxadorerik ezagunenetakoa bat Gasteizen izan zelako: Tel Aviveko Maccabi. Israelek okupatutako lurrak Asian badaude ere, Euroligan jokatzen dute entitate sionistako taldeek.

Aukera hori baliatu dute ehunka lagunek Buesa Arena pabiloian salatzeko kirolaren bitartez Israelgo apartheid eta genozidioa ez dituztela hain erraz zurituko Gasteizen. Aspalditik datorren ekimena da hau. Tel Aviveko Maccabi taldea Gasteizera etorri den beste hainbat alditan salaketa ekimenak antolatu izan dira, baina ostegunekoak, egoeraren larritasunak eraginda, indar berezia izan du.

Bost minutu berandu kantxaratzeko dei egin zieten Indar Baskonia taldeak eta Arabako Israeli Boikot ekimenak Buesa Arenara joatekoak zirenei. Indar Baskoniaren harmaila erabat hutsik erabat zegoen partida hastean, eta adostu bezala berandu sartu dira zaleak Palestinako banderak eskuetan, lehen laurdena amaitzekotan zela. Israelgo jokalariak saskira gerturatu diren guztietan Palestinako banderak eta txistuak izan dira nagusi.

"Ekar itzazue etxera, orain" ingelesezko aldarria idatzita zuten kamisetak jantzita azaldu dira Maccabiko jokalariak kantxara, Hamasek Gazan bahituta dituen israeldarrak askatzeko eskaria da.

Maccabiko jokalari bat, Hamasek atxilotu dituen kolonoen itzulera eskatzeko kamisetarekin.

Partiduaren aurretik, Indar Baskonia eta Arabako Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak ekimenak  kalejira antolatu dute eta baliatu dute partidan nola jardun azaltzeko argibideak eman eta Palestinako banderak banatzeko. Arabako BDZko eledunak kalejiraren ostean ondokoa adierazi du, Hala Bedik jaso duenez: "Urtero egiten dugun bezala, erakutsi nahi dugu Israelgo apartheidaren aurpegia zuritzeko beste tresna bat gehiago dela Maccabi, eta gure hirian horrelako talde bat ez dela ongi etorria. Erakutsi nahi digute Israel estatu normala dela, eta ez da horrela".

Ertzaintzaren presentzia handia izan da Buesa Arenan eta Israelgo jokalariak ostatu dituen hotelaren inguruan. Partiduaren aurretik zalantza zegoen Ertzaintzak nola jokatuko ote zuen Palestinako banderak erakusteko deiaren aurrean. Izan ere, urrian Eibarko futbol zelaian hainbat ertzainek zale bati ikur palestinarra kendu izana aurrekari arriskutsua zen eta, sionisten aldeko peña batek hauspotuta.  Ostegunean ordea, Ertzaintzak adierazi duenez, "sarbideen kontrola Baskoniaren segurtasun pribatuaren menpe dago", talde gasteiztarrak "partida normal baten kontrola" egingo zuela adierazi zuen. Eta hala, Palestinako banderak normaltasunez erakutsi ahal izan dituzte zaleek, aurretik beste hainbat alditan egin bezala.

Maccabik 82-92 galdu du Baskoniaren aurka, baina ostegunean partidu bat baino gehiago galdu du Gasteizen sionisten taldeak.