argia.eus
INPRIMATU
Genozidio ahaztuak
Imanol Satrustegi Andrés 2024ko maiatzaren 22a

Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak hiltzea, kalte fisiko edo mental larriak eragitea, taldea suntsitzeko helburua zuten bizi-baldintzak ezartzea, jaiotzak eragoztea eta haurrak taldetik kanpo indarrez eramatea” izan daitezke. Garbiketa etnikoa, hau da giza-talde bat bortxaz lurralde batetik kanporatzea, genozidioaren aldaeratzat hartzen da baita ere.

Palestinaren aldeko manifestazioetan “ez da gerra, genozidioa baizik” oihukatzen da, baina sarri genozidioa eta gerra sinonimoak izaten dira. Genozidioak ia beti gerra testuinguruan gertatu izan dira, salbuespenezko egoera belikoetan gertatzen baitira genozidioak ahalbidetzen dituzten gorrotoa, zigorgabetasuna, brutalizazioa eta deshumanizazioa.

Historia garaikidean gehiegitan gertatu izan da. Batzuk aski ezagunak dira eta besteak ahaztu xamarrak. Jakina den bezala, naziek Holokaustoa egin zuten judu, ijito, ezkertiar, homosexual eta elbarrien aurka. Garai bertsuan, Kroaziako ustaxiek serbiarren kontra egin zuten. Ruandan 1994an hutuek milaka tutsi hil zituzten Belgikako aginte kolonialak eragindako gorrotoaren erruz. Indonesian Suharto jeneralak komunistak, ezkertiarrak, txinatar etniakoak eta musulman ez zirenak sarraskitu zituen 1965 eta 1966 artean. Politika kolonialaren ondorioz, milaka etsenplu dago Afrikan, Asian eta Ameriketan. Frankismoak euskal genozidioa egin zuela esaten duenik ere bada, baina sinesgarritasun historiografiko gutxi du teoria horrek.

Aurten, Gazan ez ezik, beste toki batzuetan ere egoera latza pairatzen ari dira. Birmanian, esaterako, gehiengo budistak Rohingya izeneko gutxiengo musulmana kanporatu nahi du, erasoen bidez. Karabakh Garaian, aldiz, 2023ko irailean Azerbaijanek eskualde hori beretu zuenetik 100.000 bat armeniarrek bertatik alde egin behar izan dute. Bertan zeuden etxe eta eraikinak lurrarekin berdindu dituzte eta ohartarazi dute armeniarren ondare historikoa desagertzeko arriskuan egon litekeela; Amaraseko eta Dadivankeko monastegiak esaterako (V. eta IX. mendean daukate jatorria hurrenez hurren).

Ez da armeniar gizajoek sufritu duten lehendabiziko zapalketa. Turkiak armeniarren aurkako genozidioa egin zuen XX. mende hasieran. Estimazio batzuen arabera, 1915 eta 1923 artean 600.000 eta 2 milioi hildako artean eragin zituzten. Kontua da Azerbaijanek Turkiarekin lotura kultural eta historiko estuak dituela. Ondorioz, haren laguntza ekonomiko eta militarra jaso du Karabakh Garaia konkistatzeko; eta dirudienez baita Israelena ere (oh, sorpresa!). Armeniak Errusiaren laguntza espero zuen, baina bakarrik utzi dituzte, eta Mendebaldeak beste alde batera begiratu du.

Zergatik ez ditu gatazka honek Palestinaren aldekoak bezalako mobilizazioak sortu? Ziur aski hainbat faktorek eragin dute: lurraldearen garrantzia geoestrategikoak, komunikabideek jarri dioten arretak, elkartasun sareen sendotasunak eta abar. Egia da, hondamendia askoz ere handiagoa izaten ari dela Palestinan, zifretan behintzat, baina susmoa dut Mendebaldeak elkartasun selektiborako joera duela baita ere.