Ester Martin Bergmark zuzendari suediarraren Nånting måste gå sönder izendatu dute fikziozko film luzerik onena eta Pilar Monsell espainiarraren África 815 dokumental luzemetrairik onena, Zinegoak Bilboko Gaylebostrans 12. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdian.
Bere burua heterosexualtzat duen Andreas gazteak gustuko du Sebastian androgino eta femeninoa. Pasioz biziko dute elkarren arteko harremana, baina mutila da Sebastian, bere alde femeninoa bezainbeste maite du bere alde maskulinoa, eta hori ez du horren gustuko Andreasek... Gizartearen arauei aurre egin nahi dien harremanaz eta generoetan sailkatzeak ezartzen dituen mugez mintzo da Nånting måste gå sönder (Zerbait apurtu beharra dago).
Pilar Monsellek berriz, aita du protagonista África 815 dokumentalean: kamera jarri dio aurrean, eta hura “epaitu gabe”, atzera egin dute oroitzapenetan. Familia bat eraikitzeko proiektuaren porrota eta bere homosexualitatearen onarpena jaso ditu lanak. Monsellen esanetan, maitasun erromantikoa edo familia bezalako babesguneak apurtzen direnean, kontzeptu horien esanahiaz hausnartzeko eta benetako desioetan sakontzeko parada aproposa izan daiteke.
Aurtengo edizioan, 28 herrialdetako 94 film eta hiru antzezlan eskaini ditu jaialdiak. Miguel Albadalejo zuzendari espainiarrari eta Fernando Diez produktore bilbotarrari eman dizkiete ohorezko sariak.
Ikusi saritu guztien zerrenda.