argia.eus
INPRIMATU
Genero rolak haur literaturan, idazle, ilustratzaile eta argitaletxeen begiradatik
  • Genero rolen ikuspegitik, zein eredu islatzen du haur eta gazte literaturak, eta zein neurritan laguntzen du hainbat balio eta jarrera erreproduzitzen eta mantentzen? Halako galderei erantzuteko, hitzaldi zikloa antolatu dute idazle, ilustratzaile, ipuin kontalari eta argitaletxetako ordezkariekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko maiatzaren 10a

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bateko liburutegian sartu eta bertako liburuak genero ikuspegitik ikertu ditu Parean elkarteak. Ipuinetan ikusi dituzten joera eta estereotipo batzuk espero zituzten, beste hainbat datuk txarrerako harritu ditu, artikulu honetan kontatu genuenez: ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki, mutil protagonistak gehiago dira neskak baino, istorioek sarri estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte…  “Ez dira ikusten emakume abokatu edo alkateak –adierazi zigun Oihana Llorente Pareaneko kideak–. Askotan diogu neskak astronauta izan daitezkeela eta halako erreferenteak jarri behar direla mahai gainean, baina oso urrun gaude horretatik; pentsa, gure alabek ez dute ikusten emakumeak lan munduan gaudenik ere!”.

Orain, ikerketa hori abiapuntu harturik, haur eta gazte literaturan generoak joka dezakeen paperaren inguruan gogoetatzeko "Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen” hitzaldi zikloa antolatu du elkarteak. Lur Gallastegi Zendegi haur literaturako idazlearekin solasaldia izango da asteazken honetan (Donostiako Tobbaco Days liburu dendan, 18:30ean); Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak 8-13 urte arteko gazteei zuzendutako ilustrazio saioa eskainiko du (maiatzaren 26an, 17:30ean, Errenteriako Lekuona fabrikan); Haizea Loira Matxiñena ipuin kontalari eta musikariak “Berdintasunari konta eta kanta” saioa emango du (ekainaren 10ean, 17:30ean, Oiartzungo liburutegian); eta Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvirak eta Alberdania argitaletxeko Jorge Giménezek emango diote amaiera zikloari (ekainaren 21ean, 19:00etan, Irungo liburutegian).

Printzesek ere puzker egiten dute

Ipuinak ez daude eredu sexistetatik salbu, baina badira bestelako adibideak literaturan, jakina. Gida ederra kaleratu du Parean elkarteak, Katakrak liburu-denda eta editorialaren laguntzaz. Bilduman aholkatu dituzte, besteak beste, Munstro arrosa, Nik ere nahiko nuke mango bat, Arturo eta Klementina, Tximeleta-belarriak, Munduko karramarrorik ertainena, Printzesek ere puzker egiten dute, Gerrak ez du etenik, Hankaz gora du amak mundua, Daniela pirata, Leotolde, Pippi itsasorako asmotan, Momo, Gu gara marimatrakak, Marie Curie, Tango, Martin