argia.eus
INPRIMATU
“Genero-markarik gabeko izenen aldeko apustua egiten dute askok”
  • Izenek egungo biko genero-sistema zelan erreproduzitzen duten azaltzeko, Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kideak akordura ekarri ditu Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta antropologo beasaindarraren berbak. Eskisabelek esaten duenez, "egunerokotasunean, emakumeak eta gizonak sortzen dituzte izendegiek".

Hiruka .eus 2017ko martxoaren 14a
Emaginek eta Bilgune Feministak gida lantzeko eratu zuten lantaldearen partaide da Saioa Iraola leitzarra.

Iraolaren arabera, mugapen bat dago batzuk zein besteak izendatzeko. "Izena eta izana ezbaian" gida praktikoa lantzeko eratutako lantaldeko kidea da leitzarra. Lan hori, Itzubaltzeta/Romoko kultur etxean aurkeztu zuten, joan den astelehenean, martxoaren 6an.

Nondik dator horrelako gida praktiko bat egiteko beharra?

Orain dela 4 bat urte, gure militanteen artean kezka bat sortu zen: ama izatean, trabak ipintzen ari zitzaizkien hainbat kideri, ordura arte arazorik suposatu ez zuten izenak erregistratzeko garaian. Batetik, gida praktiko hau egitea erabaki genuen izenen inguruan gogoeta bat egiteko. Bestetik, pertsona-izenen araudia zein den ezagutu nahi genuen, horren aurrean zein estrategia elkarbana genezakeen jakiteko, legeari ziria sartzeko.

Zenbait izenek sexuaren araberako bereizkeria bultzatzen dutela diozue.

Hizkuntzak errealitate bat interpretatzeko balio digu; nortasun edo identitateen garapenean ezinbesteko tresna bat da, izena den bezala. Aldi berean, garaira moldatzen doa. Hori horrela, pertsona-izenek funtzio bikoitza daukate: norbanakoa izendatzeko balio dute; baina, aldi berean, norbanako hori jendartean edo sare sozial konkretu batzuetan kokatzeko balio dute.

Zeintzuk dira lehenago aipatu dituzun estrategi horiek?

Sexu-genero informazioa ematen digute izenek. Ni Saioa deitzen naiz; horrek emakumea edo gizonezkoa naizen argi uzten du. Ildo horretan, emakume-gizon binomioa indartu egiten dute izenek. Gauzak horrela, sexuaren araberako izendegia gainditu eta jaioberriari gustuko izena jarri ahal izateko aukera edo estrategia ezberdinak jaso ditugu "Izena eta izana ezbaian" gida praktikoan. Euskaltzaindiak gomendio bat egiten du: i, o, u bokalez eta kontsonantez amaitzen diren izenak, hasiera batean, gizonezkoentzat izango lirateke, salbuespenak salbuespen; eta a eta e amaiera dutenak emakumezkoentzat izango lirateke. Egoera horren aurrean, aukera bat da justifikatzea guk jarri nahi duguna fikziozkoa edo pertsonaia baten izena dela. Adibidez, 'Maren' hitzak itsaso esan nahi du norvegieraz; bertoko ipuinetako pertsonaia dela argudiatu zuten guraso batzuek, bere umeari ipintzeko. Horrekin lotuta, 'Itsaso' emakumeak izendatzeko erabili izan da beti, o bokalez amaitzen den arren. Bada, mutil bati jartzeko, aita-amek frogatu zuten Nafarroako herri baten izena dela: Itxaso. Toponimia erabiltzea ere aukeretako bat da.

Zein da beste aukeretako bat?

Hirugarren aukera da Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren bitartez frogatzea 'Elur', 'Aratz', 'Joar' edo 'Amaiur' bezalako izenak neskentzat zein mutilentzat erabili direla. Bestalde, erregistroaren funtzionarioaren esku gelditzen da askotan izenena; asko ondoko herrira joaten dira, bertoko langilea irekiagoa delako. Bitartean, askok genero-markarik gabeko izenen aldeko apustua egiten dute.

Elkarrizketa hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.