argia.eus
INPRIMATU
Egun bat ospitalean igaro ezean, ez al da genero indarkeria?
  • Genero indarkeria jasan duten emakumeen estatistika sistema berria ari da prestatzen Espainiako Osasun Ministerioa. Estatistika horrek, ordea, ospitalean gutxienez 24 ordu igaro dituzten emakumeak baino ez ditu hartuko kontuan, eta horiek genero indarkeriak eragindako biktimen kasu gutxi batzuk baino ez dira. Estatistika osatugabeak argitaratzea okerrerako izan daitekeela uste dute adituek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko uztailaren 23a
Gaur egun, bi neurgailu erabiltzen dira: jarritako salaketak eta eraildako emakumeak.

Gaur egun, Espainiako Estatuan bi dira indarkeria matxistaren ondorioak aztertzeko erabiltzen diren neurgailuak: jarritako salaketak eta eraildako emakumeak. Hori gainditu nahian estatistika berria prestatu du PPren Gobernuak, baina hau ere osatugabea dela-eta, kritikatu egin dute oposizioak eta elkarte ugarik. "Okerrerako izan daiteke. Ongi dago datuak jasotzen joatea, baina estatistika orokorragoak izan ezean, soilik hain kasu konkretuak aintzat hartzeak eraman dezake pentsatzera arazoaren benetako dimentsioa beste bat dela", adierazi du Yolanda Basteiro Emakume Progresisten Federazioko presidenteak. Izan ere, gutxienez 24 ordu ospitalean igarotzen duten emakumeak oso gutxi dira. "Normalena da ospitalizatu behar ez izatea edo ordu batzuk egotea. Puskatutako beso bat datorkit burura, kolpeak, min psikologikoa...".

"Kode penalak berak lesio bat larria edo oso larria dela ondorioztatzeko ez du kontuan hartzen pertsona hori ospitalean egon al den. Larritasuna eta ospitalera joatea ez dira beti bat etortzen", adierazi du Marisa Soleto Emakumeak Fundazioko zuzendariak. "Adierazle partzialak sortzea ez da zuhurra, arazoaren zati oso txiki bat baino ez genuke ikusaraziko eta beraz arazoari garrantzia kentzen ariko ginateke", gaineratu du.