Genero indarkeriaren erregistro publikoa sortzeko legez besteko proposamena egin du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Auziari aurre egiteko politikak lantzerako orduan, balizko oinarri bat izatea litzateke xedea. Legebiltzarkideek atzera bota dute proposamena, EAJren, PSE-EEren eta PPren aurkako botoekin.
EH Bilduko kide Diana Urreak azaldu du proposamena. Haren aburuz, genero indarkeriari buruzko datuak barnebiltzen dituen datu-base eguneratu baten beharra du EAEk, “diagnostiko errealetan” oinarrituriko politikak bultzatzeko. Urrearen esanetan, gainera, erregistro hori baliagarri litzateke genero indarkeria zer den zehaztu eta indarkeria mota ezberdinak bereizteko. “Gaiak lehentasun politikoa behar luke izan”, esan du.
EAEko erakundeek genero indarkeriaren inguruan duten ezjakintasuna deitoratu du Urreak. Haren esanetan, gaia epaitzen duten epaileak ez dira genero indarkerian adituak eta Ertzaintzak ez du gisako kasuak tratatzeko behar besteko formaziorik. Ertzaintzak biktimei eskaintzen dizkien bermeak ere kritikatu ditu: “Genero indarkerian espezializaturiko ertzainek soilik astelehenetik ostiralera egiten dute lan; salaketa epe horretatik kanpo jarri nahi duen emakumeak ez du dagokion tratua jasoko”.
Gainerako alderdiek ez dute legez besteko proposamena babestu. UPyD abstenitu egin da. Alderdia ados dago erregistro publikoa sortzeko beharrarekin, baina haren ustez harago joan behar luke proposamenak. “Instituzioen arteko elkarlana bultzatu behar da, ez baita soilik EAEko arazoa”, azaldu du Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak.
EAJk, PPk eta PSE-EEk proposamenaren aurka bozkatu dute. EAJko kide Lexuri Arrizabalagak dio ez dagoela gisako erregistroa sortzeko beharrik, “genero indarkeriaren inguruko datuak egon badaudelako”. Bere aburuz, EH Bilduren eskakizuna asetzeko aski informazio eskaintzen du Emakundek.
PPk, bestalde, EH Bilduren proposamenaren “zehaztasun” falta kritikatu du: “Ez dut ulertzen zer proposatzen duzuen”. Gainera, ezbaian jarri du ekimenaren legalitatea, “pertsonen pribatutasuna” dela eta.
PSE-EEk ere proposamenaren aurka egin du. Azaldu du lege eraginkorren beharra dagoela genero indarkeriari aurre egiteko. Rosa Fresno PSE-EEko kidearen aburuz, “bide laburra” du iradokizunak.