argia.eus
INPRIMATU
Genero indarkeriagatik sei salaketa jarri dira egunero Nafarroan aurten
  • Urtarriletik ekainera jarri diren salaketak iazkoak baino %44 gehiago izan dira: guztira, 1.011 salaketa.  

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urriaren 24a

Urte beltza izaten ari da. Egunero sei dira emakumeek (gehienetan) jarri dituzten salaketak genero indarkeria kasuengatik. Urtarriletik ekainera aztertutako datuek diote 1.011 salaketa jarri direla denera, iaz tarte horretan baino %44 gehiago –2016an 703 salaketa izan ziren epe horretan–. Hilabeterik larrienak apirila eta ekaina artean izan ziren, tarte horretan salaketa kopurua handitu egin zelako %65. Eta gogoratuko dugu gainera, indarkeria matxistak hildako emakume bat ere izan dela Nafarroan aurten: Blanca Esther Marques Burlatan hil zuen bere bikotekideak eta egun batzuetara Arga ibaian aurkitu zuten emakumearen gorpua. 

Salaketa gehiago egoteak ez du zertan esan nahi indarkeria matxista kasu gehiago daudela. Baizik, adituek diote sentsibilizazio handiagoa dagoela, kontzientziazioa eta ikusgarritasun handiagoa. Horrek bultzatuta indarkeria sexista pairatzen duten emakume gehiagok jotzen dute salatzera baita oro har gizarteak ere. Iruñeko Abokatuen Kolegioko kide eta Genero Indarkeria pairatu duten emakumeen koordinatzaile Maria Isabel Martinezek zera dio: "Emakume gazteenek badituzte tresnak halako indarkeria kasuak ekidin edo ematen badira nola erabili jakiteko, baina aldi berean kezka sortzen du, gero eta emakume gazteagok bizi dituztelako halako erlazio dependienteak". 

Indarkeriak aurpegi asko ditu

Indarkeria ez da bakarrik fisikoa izaten, nahiz eta, salaketa gehienen atzean baden kolpeekin zerikusia dituzten kasuak. 102 emakumek eskatu zuten apirila eta ekaina bitartean euren bikotekide edo bikotekide ohiengandik urruntze agindua: 63 emakumeri ezarri zieten urruntzea. 402 kasutan lesioak eta tratu txarrengatik, askatasunaren kontrako jarrerengatik 67 salaketa, bat homiziodioarengatik, osotasun moralarengatik beste bat, intimitatearen kontra beste bi, 22 ezarritako zigorrak hausteagatik, 61 beste zigor batzuk betetzeari uzteagatik eta 4 familia eskubideengatik.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra