argia.eus
INPRIMATU
Genero indarkeriagatik Nafarroan jarritako salaketak %17 hazi dira
  • Nafarroan, 2016ko urtarrila eta iraila artean 924 salaketa jarri dituzte emakumeenganako indarkeriarekin zerikusia dutenak. Joan den urtean baino salaketa gehiago izan dira, %17 gehiago.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko azaroaren 18a
Eraso matxistak salatzeko aurtengo San Ferminetan egindako elkarretatze jendetsua.

Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko "Nafarroak ezetz dio" kanpaina jarriko du abian Nafarroako Gobernuak. Sentsibilizazioa, informazioa eta orientazioa eskainiko ditu datozen egunetan.

Informazio liburuxkak banatuko dira, indarkeriaren aurkako eta biktimei babesa emateko adierazpena onartuko du Gobernuak heldu den asteazkenean eta Nafarroan barrena informazioa eta orientazioa eskainiko da, baita esku morea irudikatzen duten pin-ak ere.

Horrez gain, Gobernuko egoitzan ‘Indarkeria Matxista Gehiagorik Ez’ dioen pankarta erraldoiak zintzilikatu dira, esku more erraldoia irudi dutela. Azaroaren 25erako elkarretaratze isila deitu dute eguerdiko hamabietarako Gobernuaren egoitzaren parean.