argia.eus
INPRIMATU
Genero indarkeria leporatuta, beste bi gazte atxilotuta Gasteizen
  • Datuak aurrean, jarrai dezagun esaten “que culo” edo “que haces tan sola” esatea ez denik eraso bat. Edo feministek arazoak sortzen dituztela edo “Gasteizko jaiak ia-ia bertan behera geratu dira, feministen erruz”.

Igor Goikolea @goikoleaigor 2015eko urriaren 06a
Artxiboko irudia (Topatu.info)

Beste bi gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan Gasteizen, bikotekideak jotzea leporatuta. Bai, beste bi. Eta bai, Gasteizen berriz ere. Biak ala biak gazteak, 21 eta 26 urte.  Erailketarik ez badago, badirudi genero indarkeria ez dela existitzen. Zaila da albistea Gasteizko eta Arabako komunikabide lokaletan topatzea: nahigabe errutina bilakatu da komunikabideetan. Normala, azkenengo datuei erreparo egiten badiegu gutxienez.

Gasteizek duen arazoa oso larria da, udatik aurrera are larriagoa. Eraso homofobo baten berri izan genuen uztaila erdialdean, Txagorritxuko auzoan. Abuztu hasieratik gaur egun arte, Arabako hiriburuan soilik, 30 gizonezko baino gehiago atxilotu dituzte guztira, genero indarkeria leporatuta. Jaietan soilik, 6 atxilotu egon ziren, eta bost egun horietan atxilotutakoen adinek zur eta lur utzi gintuzten: 20, 21, 22, 23, 33 eta 41 urte. Gazteak, oso. Baina ez soilik jaietan, udan gauza ez zen askoz gehiago aldatu. Bi hilabete hauetan atxilotutako gehienek oraindik ez dituzte 30 urte bete. Baina abuztuan zehar, Blusen eta Nesken Batzordeko presidenteak telebistan astakeriak botatzen zituen bitartean (honek bai, honek tarte ederra izan zuen telebistan), bi egunetik behin beste atxiloketa baten berri genuen Gasteizen. Arrazoia, berdina: genero indarkeriagatik gizonezko bat atxilotuta. Noski, esan beharrik ez dago 30 atxiloketa egoteak ez duela esan nahi soilik 30 eraso egon direnik. Salaketa gehiago jaso ditu Gasteizko Udaltzaingoak, Ertzaintzak edota jaietan eraso sexistei aurre egiteko ahalbidetutako telefono zenbakiak. Baina atxiloketarik ez badago, badirudi ez dagoela genero indarkeriarik, informazioa ofiziala ez delaren aitzakipean.

Orain, datuak eta salaketak aurrean izanda, jarraitu dezagun esaten “que culo” edo “que haces tan sola” esatea ez denik eraso bat. Berbalki ere erasotzen delako, nahiz eta erasotzaileak ez atxilotu. Jarraitu dezagun esaten feministek arazoak sortzen dituztela edo “Gasteizko jaiak ia – ia bertan behera geratu dira, feministen erruz”. Abuztuaren 8an, 20 bat emakumek ekimen bat burutu zuten. Ordutik, 30 gizonezko baino gehiago atxilotuta, genero indarkeria leporatuta. Hor dago arazoa; konpontzeaz gain, salatu beharreko arazoa. Eta hasteko, komunikabideak ere lanean has daitezke. Alderatu dezagun komunikabideen oihartzuna eta nola eman duten bata edo bestearen berri. Baten batek esan zuen bezala, “Jakintsuak ilargia seinalatzen duen bitartean, tontuak behatzari egiten dio erreparo”. Baina tontua ez da pertsona bat; tontua gizartea da, “patriarkal” abizena atxikituta duena.