argia.eus
INPRIMATU
Genero estereotipoak 4 urterekin barneratuta dituzte haurrek
  • Haurrek Olentzerori autoa, panpina, mahai-jolasa eta beste eskatuko dioten garaiotan, umeen aukera horiek zenbateraino dauden baldintzatuta ulertzen lagundu dezake duela hilabete batzuk argitaratutako ikerketak: 4 urterekin jada genero rolak guztiz barneratuta dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko abenduaren 15a

Madrilgo Konplutentse Unibertsitateak gidaturiko ikerketan, 4 eta 9 urte arteko 149 haur elkarrizketatu zituzten eta lanbideei buruz edo ezaugarri femenino eta maskulinoez galdetu zieten, besteak beste. Argi ikusi zuten rol tradizionalak oso ongi ikasiak zituztela txikienek ere, eta besteenganako zituzten aurriritziak guztiz baldintzatuta zeudela rol horiengatik. 4 urte betetzerako genero estereotipoak barneratuta dituzte, baina ikerketak ez zituen haur txikiagoak galdekatu.

Ikerketaren arabera, garapen psikologikoan eta umeak dituen bokazioetan eragiten dute genero rol horiek. Emakume eta gizon kategoriak erabiltzen dituzte haurrek (ere) besteak epaitzeko, jolaserako lagunak aukeratzeko, beren identitatea eraikitzeko edota gustuko dutena erabakitzeko.