argia.eus
INPRIMATU
Genero berdintasuna oinarri, errenta aitorpen bateratua ezabatzeko gogoeta Gipuzkoan
  • Errenta aitorpen bateratua ezabatzeari buruzko "gogoeta sakona" abiatuko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Indarrean dagoen planteamenduak emakumeak lan merkatura sartzea oztopatzen du, eta ohituraz emakumeen gain geratzen diren etxeko lanen eta zaintzaren paperak indartzen ditu".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko ekainaren 11
Emakumeek lanaldi partzialeko lanpostuak izaten dituzte eta beraz baita soldata txikiagoak ere, prekariagoak.

Halaxe adierazi zuen atzo Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak. Oinarri ezargarriaren murrizketa ezberdina da familia biparentaletan (4.176 eurokoa) eta monoparentaletan (3.628 eurokoa) eta alde horrek emakume batzuk lan merkatura ez irtetea eragin dezakeela uste dute Aldundian.

"Honek guztiak eraman gaitu, Politika Sozialeko departamenduarekin batera, familiaren zergapetzearekin lotutako azterketa sakona abiatzera: tributazio bateratua, seme-alabentzako kenkariak eta abar aztertuko dituena", azaldu zuen Minerrek.

Horrez gain, genero ikuspegia kontuan hartuz egindako errenta aitorpenen azterketa aurkeztu zuten Minerrek eta Laura Gomez Berdintasuneko zuzendariak. Azterketak egiaztatu du errentaren aldetik ezberdintasunak daudela emakumeen eta gizonen artean: batez beste, emakumeek 10.950 euroko errenta aitortzen dute jarduera ekonomikoaren etekin gisa eta gizonezkoek aldiz 13.184 euro. Arrazoia, emakumeek lan munduan egoera okerragoa jasaten dutela: "Emakumeek lanaldi partzialeko lanpostuak izaten dituzte eta beraz baita soldata txikiagoak ere, prekarioagoak", argitu zuen Laura Gomezek.

Beste argudio bat ere eman zuten aitorpen bateratuak ezabatzeko: aitorpen hauen %83,4tan gizonezkoa da aitorlea. Gipuzkoan, denera, bostetik bat dira errenta aitorpen bateratuak.

Finean, genero irizpideak aintzat hartuta zerga politika aldatzea beharrezkoa dela azaldu zuten Miner eta Gomezek, "bidezkoagoa izan dadin".