argia.eus
INPRIMATU
“Genero berdintasuna” lortzeko ia 300 urte beharko dira, NBEren arabera
  • "Emakumearen ahalduntzeaz" arduratzen den NBEko taldearen azterketa baten arabera, 286 urte inguru beharko dira emakumeen eskubideak urratzen dituzten lege diskriminatzaileak ezabatzeko, eta babes arauak indarrean jartzeko.

Axier Lopez @axierL 2022ko irailaren 08a
Irudia: Canva.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, egungo erritmoan jarraituz gero, "genero-berdintasuna lortzeko" 300 urte inguruko beharko genituzke. NBE Emakumeen eta Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Departamentuaren artean osatu dute txostena. Gaineratu dute lantokian botere eta lidergo arduretan ordezkaritza parekidea lortzeko 140 urte behar direla; gutxienez 40 urte parlamentuetan ordezkaritza parekidea lortzeko; eta 2030erako haurren ezkontza desagerrarazita egon dadin, "azken hamarkadatan egindako aurrerapenen erritmoak" 17 aldiz azkarragoa beharko luke izan.

Analisiak dioenez, berehalako neurririk hartu ezean, emakumeen aurkako indarkeria debekatzen ez duten lege-sistemak, ezkontza eta familia barruan emakumeen eskubideak babesten ez dituzten legeek eta lurren jabetza-eskubide eta kontrolaren gainean berdintasuna bermatzen ez dutenek indarrean jarraitu lezaketela belaunaldi askoren buruan.

Pobreziaren murrizketan atzerakada kezkagarria izan dela adierazi dute, eta ziurrenik okerrera joango dela prezioen igoera orokorraren ondorioz. Haien kalkuluen arabera, 383 milioi emakume eta neska inguru muturreko pobrezian biziko dira 2022ko amaieran eta jende kopuru handiago batek, berriz, ez du lortuko oinarrizko premiak asetzeko adina diru-sarrera, besteak beste elikadura, jantziak eta etxebizitza egokia bermatzeko.

Beste datu deigarri batzuk ere zabaldu ditu txostenak. NBEren arabera, gaur egun, inoiz baino emakume eta neska gehiago dago indarrez desplazatuta: 44 milioi inguru 2021eko amaieran. 15 eta 49 urte bitarteko 1.200 milioi emakume baino gehiago bizi dira abortu segurua egitea oztopatzen duen murrizketaren bat duten herrialde eta eremuetan.