argia.eus
INPRIMATU
Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari
  • Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko auzitegietara eramateko asmoa agertu du Jordi Puignero Generalitateako presidenteordeak.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko urtarrilaren 19a

Espainiako Gobernuari ikerketa komisio bat sortzeko exijentzia helaraztea adostu zuen asteartean Generalitateak, 2017ko abuztuan jazotako eta Estatu Islamikoak bere gain hartutako atentatuen bueltan gertatu zena argitzeko. “Ezkutatzekorik ez badago, inork ez luke aurkakotasunik agertu beharko”, adierazi zuen Jordi Puignero Generalitateako presidenteordeak sare sozialen bidez.

 

 

Espainiak bere eginbeharrak bete ezean, auzia nazioarteko auzitegietara eramateko asmoa dutela jakinarazi zuen Puignerok orain astebete.

Zehazki, hiru dira Kataluniako Gobernuak adostu dituen puntuak: Espainiako ikerketa komisio bat sortzeko exijentzia helaraztea; Generalitatearen eta Espainiako Estatuaren arteko aldebiko bileretan Pedro Sánchezek Pere Aragonési ikerketari buruz informazioa helarazteko betekizuna izan dezan eskatzea; eta Espainiako Gobernuan sekretu ofizialei buruzko legea aldatzeko eskatzea, “isilpekotzat edo erreserbatutzat jotako gaien iraupena murrizteko, eta berariaz aitortuz Kongresuak, Senatuak eta auzitegiek eskubidea dutela erreklamatzen duten informazioa eskuratzeko”.

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak urtarrilaren 11n Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako adierazpenen harira hartu du erabakia Kataluniako Gobernuak. Izan ere, Villarejoren arabera, 2017ko abuztuaren 17an eta 18an Bartzelona eta Cambrilsen jazotako atentatuak gerta zitezen utzi zuten Espaniako inteligentzia zerbitzuek. Bere hitzetan, asmoa "Kataluniari susto txiki bat ematea zen, baina ondorioak gaizki kalkulatu zituzten". Bi atentatuetan 16 pertsona hil eta 150etik gora zauritu ziren.

Hilabete eta erdiren buruan ziren autodeterminazio erreferenduma egitekoak kataluniarrak, baina atentatuez baliatuta, galdeketa bertan behera uzteko eskatu zuten Espainiako alderdi eta presio talde nagusiek. Villarejoren hitzak argitara eman eta gutxira, hala mintzatu zen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia: “Estolderia espainiarrak hamabost pertsona errugaberen bizitza moztu zuen eta ehun zauritu baino gehiago eragin zituen Kataluniako herriari mezu bat bidaltzearren, independentziari buruzko erreferenduma egiteko prest baitzegoen. Espainiako politikari batzuek ohartarazia zuten "gauzak gertatuko" zirela. Horiek al ziren gertatu behar ziren gauzak? Villarejok baietz dio. Krisi hari aurre egin behar izan zion Kataluniako presidente gisa, munduaren aurrean aurpegia eman eta biktimekin egon behar izan nintzenez, azalpenak eskatzen dizkiet estatuburuari eta gobernuko presidenteari: Espainia susmopean dago”.