Kataluniako murgiltze ereduarekin amaituko luke neurriak. Epaileek ez dute onartu Generalitateak eta Kataluniako Parlamentuak aurkeztutako beste proposamena, portzentaiak baztertzen dituena.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gehienez hamabost egun eman dizkio Generalitateari ikastetxeetan orduen %25 gazteleraz ezartzeko, “modu eraginkorrean eta berehala”. Horrela, murgiltze eredua alde batera utziaraziko lukete Katalunian.
Generalitateak hasieratik salatu du “pedagogia irizpideen aurkakoa” dela hizkuntzei portzentai bat ezartzea, eta hori egitea baztertu dute. Horren ordez, beste proposamen bat aurkeztu diete epaileei Kataluniako Gobernuak eta Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak, portzentairik gabe ere legea beteko lukeena: Politika Linguistikoaren legea aldatu, dekretu linguistiko bat egin, eta egoera soziolinguistikoaren gaineko inkesta bat egin. Baina Justizia Auzitegiak ez du onartu proposamena.