argia.eus
INPRIMATU
Generalitateak isuna jarri dio Vueling konpainiari, emakumeei makillajea eta takoiak erabiltzera behartzeagatik
  • STAVLA sindikatuak airelinearen emakumezkoen janzkera eta makillaje kodea salatu du; bost eta zortzi zentimetroko takoiak, eta makillajea zein betiletako maskara erabiltzea. Vuelingek adierazi du "irudi integratzaileagoa" bilatzeko lanean ari direla, eta makillajea gaur egun "boluntarioa" dela.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 24a
Generalitateak 30.000 euroko isona jartzea proposatu du.

Generalitateko Lan Ikuskaritzak Vueling konpainiari 30.000 euroko isuna jartzea proposatu du, kabinako langileengan genero bereizkeria egiteagatik. STAVLA sindikatuak airelinearen emakumezkoen janzkera eta makillaje kodea salatu zuen duela zenbait hilabete.

El Periodicok jakinarazi duenez, bost eta zortzi zentimetroko takoiak janzteko, larruazalaren antzeko makillaje oinarri bat aplikatzeko eta betile maskarak erabiltzeko eskatzen zien kabinako tripulatzaile emakumezkoei, besteak beste.

El Paisek esan duenez, Vuelingek dio duela urtebete hasi zela lanean, kabinako langileen sindikatuekin batera, tripulazioan “irudi integratzaileagoa” bilatzeko. Aerolineak dio aldaketa horretan makillajearen nahitaezkotasuna ezabatzea onartu zela: “Gaur egun boluntarioa da”. Oinetakoei dagokienez, “hiru zentimetrotik gora” baino aukera gehiago dagoela adierazi du, baina tripulazioarentzat homologatutako jantzi elementua denez, eremu horretako aldaketak egiteko denbora gehiago behar dela.