argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia
Generalitateak ez ditu gaztelaniazko zentro pribatuen matrikulak ordaindu beharko
  • Generalitateak LOMCEren aurka aurkeztutako helegitearen zati bat onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ebatziz arau batzuk Kataluniaren konpetentziak urratzen dituela hezkuntzaren arloan. Erabakia aho batez hartu dute.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko otsailaren 21a
Katalanezko hezkuntzaren aldeko mobilizazioa (Arg: Europa Press)

Besteak beste, ebazpenak dio ikasleak gaztelaniaz matrikulatzea bermatzeko sortutako sistemak —zeina Kataluniako diru publikoarekin finantzatu nahi zen—ez dituela errespetatzen Espainiako Estatuaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko konpetentziak, ebatzi baitu Espainiako Gobernuak ez duela Kataluniako eskolaratze sisteman erabakiak hartzeko eskumenik.

Baliogabetu berri den legeak esaten zuen, Espainiako Gobernuak aginduz gero, Generalitateak ordaindu behar zuela eskola pribatuetako matrikulazioa, baldin eta ikasleek zentro publikoetan gaztelaniaz ikasteko aukerarik ez bazuten.

Kataluniako Gobernuak LOMCE Legearen aurka errekurtsoa aurkeztu zuen, iritzi duelako legeak bere eskumenak eta Kataluniako hizkuntza eredua urratzen dituela. Eusko Jaurlaritzak eta Asturiasko, Andaluziako eta Kanarietako gobernuek ere jarri zuten LOMCEren aurkako errekurtsoa.

Sententzia agertu da 155aren aplikazioaren barruan Rajoyren gobernuak Kataluniako Hezkuntza Publikoan hizkuntza lehentasuna aldatzeko asmoa azaldu duenean: hezkuntzako matrikulazioetan izen ematerako orduan gaztelania lehenesteko aukera eskaini nahi du.