Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Ostegun goizean bota nahi zituzten etxetik ama eta bere alaba adingabea, eta Auzoan Bizi etxebizitza sareak herritarrak deitu zituen 11:30tan Extremadura kaleko 11 atarira bertaratu eta “erresistentzia” egitera.
Etxebizitza sareko kideek gertaeren tokitik bertatik ARGIAri azaldu diotenez, ekintzaileak atarian kokatu dira erresistentzia egiteko, eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kalea moztu eta atari ingurunea zintaz itxi dute. Atarian zeuden herritarrak aterarazten saiatu da Ertzaintza, eta ezezkoaren aurrean borrekin oldartu zaizkie, “oso fuerte”. Gazteak ataritik ateratzea eta zintaz itxitako eremutik kanporatzea lortu du Poliziak, baina ekintzaileek zinta apurtu dute eta liskar uneak piztu dira berriz ere.
Orduan heldu da epaitegitik deia. Jakinarazi dute epaitegiko langileak ez zirela bertaratuko, eta etxegabetzea atzeratu duela epaileak. Auzoan Bizitik “poza” adierazi dute gaur etxegabetzea eragoztea lortu delako.
Zaurituak eta identifikatuak
Poliziak hainbat lagun zauritu ditu oldarraldian. Horrez gain, bi pertsona identifikatu ditu irudiak hartzen aritzeagatik, bata etxebizitza sareko kidea eta bestea Arabako Aleako kazetaria.
Lanean, baina hipoteka ordaindu ezin
Etxegabetu nahi zuten emakumeak hamazazpi urte daramatza etxe horretan bizitzen. Enplegua du, baina hala ere ezin dio hipotekari aurre egin eta Laboral Kutxak kaleratzeko prozedura abiatu zuen. “Haien jabetza ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik”, aldarrikatu dute Auzoan Bizitik.