AEBetako afroamerikarren protesten ikur bilakatu da Leisha Evans atxilotu duten unean ateratako argazkia. Egun bat giltzapean eman ostean askatu dute.
Zirkinik ere egin gabe, poliziaren aurrean geldi ageri da irudian Leisha Evans. Estatu Batuetako poliziaren biolentzia salatzeko egiten ari diren protesten sinbolo bilakatu da Reuters agentziako Jonathan Bachmanek ateratako argazkia. Evans atxilotzeko unean egin zuen, Louisianako Baton Rouge hirian.
Poliziak hildako Alan Sterling eta Philando Castilleren heriotzak salatzeko hartu zuen protestan parte hartzeko erabakia. Bere esanetan, “nire haurrarentzat etorkizun hobea lortzeko beharrak” bultzatu zuen New Yorketik Louisianako manifestaziora joatera. Beste 48 lagunekin batera atxilotu zuten, eta egun bat kalabozoan igaro ostean askatu.
“Jendeak gertatutakoa jakitea besterik ez dut nahi”, azaldu du Evansek, eta gaineratu du pozik dagoela “bizirik jarraitzen” duelako. Bere esanetan, zortea izan du poliziaren jokabidea gertutik ezagutu ahal izan duelako: “Orain badakit nola jokatzen duten”.
“Indarkeriarik ez zuen erabili, ez zuen ezer esan, ez zuen aurre egin. Azkenean, poliziak atxilotu egin zuen”. Bachmanen arabera, protesta baketsua irudikatu zuen Evansen jarrerak, eta gisa bereko beste ekintzekin alderatu du El Mundo egunkariak, argazki sorta jasota. Besteak beste, Tiananmen plazan tanke bati aurre egiten dagoen gizonaren irudiarekin konparatu du.