argia.eus
INPRIMATU
“Geldi euskara zapaltzea” margoketagatik, pertsona bat auziperatuko dute
  • Herribiltza taldeak joan den ostiralerako egindako deialdian, Baionako suprefeturaren hormetan egin zuten tindaketa bost lagunek. Horien artean zegoen Gorka Torre; komisarian eduki du Poliziak 24 orduz, eta irailean epaituko dutela jakinarazi diote astelehen goizean.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 20a

Euskal Herriko bost euskaltzalek Baionako suprefeturaren paretan ondorengoa idatzi zuten spray-ekin, joan den ostiralean: Geldi euskara zapaltzea. Frantziako Estatuko agintariei zuzendutako mezua zen.

Argazkia zabaldu zen sareetan, baina astelehen goiz honetan jakin da ekintzaile horietako bat –Gorka Torre; lehen ere euskararen aldeko tindaketengatik auziperatua izana– atxiki zuela Frantziako Poliziak tindaketa egin eta gutxira, eta 24 orduz atxiloaldian izan zutela. Suprefetak salaketa ipini dio eta irailaren 10ean epaituko dutela, Baionan.

Baxoa euskaraz egiteko aukera aldarrikatu zuten ostiral goizean Baionako Etxepare lizeoko ikasleek, suprefeturaren parean. Horiei babesa adierazteko modua izan zen, Herribiltzaren hitzetan, arratsean egindako tindaketa.