argia.eus
INPRIMATU
Gela bat euskararena
  • Nahi baino gutxiago dakit arteaz (ere), baina aski ongi dakit kontzientziak astintzeko tresna paregabea dela. Hala eta guztiz ere, arte bisual garaikidean ez omen dago hizkuntza gutxituen arrasto handirik, ez Euskal Herrian, ezta munduan ere. Ez da soilik gutxi sortzen dela hizkuntza gutxituetan, baizik eta ez dela batere ohikoa sorkuntza lanek hizkuntza edo, gure kasuan, euskara gaitzat hartzea. Artea nork, norentzako edo zertarako sortzen duen galdetzera eraman gaitzake, batetik; bertzetik, badu paradoxatik aferak, hizkuntza ahotan etengabe dugunok ez baitugu hizkuntza artelanetan gorpuzten, nonbait.

Maialen Sobrino López @maia_lehen 2023ko maiatzaren 24a
Zaloa Ipiña.

Hori izan zen, hain zuzen ere, Zaloa Ipiña artistaren hausnarketen hari muturretako bat eta horregatik ekin zion, bertzeak bertze, hizkuntza zapalkuntza irudikatuko zuten piezak eta instalazioak sortzeari. Arte plastiko eta bisualetan ibilbide emankorra du bilbotarrak eta azken urteotan hizkuntza, euskara, izan du lehengai publikoaren esku, Euskal Herrian zein kanpoan, paratu duen lanean.

Nabaria da dokumentazio lan zuhurra egiten duela sortze prozesuan. "Gorreri bisuala" erakusketan, errate baterako, hizkuntzak gutxitzeko erabilitako tresnak ikertu eta pieza artistiko bihurtu zituen. Erakusgelan barrena joan ahala, piezek ikuslea zeharkatzea lortzen zuen Ipiñak eta bizipenaren ondotik, gorputzak gela utzi bai, baina gela ikuslearengan gelditzen zen; nola erran, Ipiñak ireki zion arte bisual garaikideari gela bat euskararena.

Orain hizkuntzen arteko harremanei erreparatu die eta hizkuntza ekologiaren begiradatik sortu du "Mingainatu" erakusketa, ekaina akitu arte hiri buruzagian ikusgai dagoena, zehazki Apaindu galerian, iruindarren eta bisitarien esperoan. Zaloa Ipiñak iskin egin die aniztasunaren interpretazio hutsalei, mundua ekarri du mapa batera eta ez du paretan zintzilikatu, lurra baino tokirik aproposagorik ez baitago lurra bera biltzeko, doike. Lurraren izkinak miatu eta, artearen galbahetik pasata, badirudi mundua zapaltzeko aukera luzatu nahi digula, oinazea eragitea zeinen erraza den erakusteko.

Ez dut erakusketaren spoilerrik eginen, baina iruditzen zait hizkuntzen inguruko bigarren proiektuan koska bat harago joan dela. Abagune ederra eskaintzen du Ipiñak gogoetarako, noiz eta hauteskunde kanpaina bizian. Bertzerik ez bada, Zaloaren bideari jarraiki, koska bat harago eramaten ahal dugu esaldi ezaguna eta erran euskarak (ere) dirua behar duela, eta gela bat artearentzat.