Ikastolako jolastokian, haur guztiak ibiltzen ziren batera eta bestera, batzuk jolasean, baloiarekin korrika, eta beste batzuk elkarren ondoan, zutik edo eserita, lasai, hizketan. Arazoak izaten hasi ziren beren artean, baloiarekin ibiltzen zirenak gero eta toki gehiago hartzen zutelako. Gaia ikasgeletara eramanda, berehala ikusi zuten haurrek jolastoki hura denena zela eta denek zeukatela bertan gustuko zutena egiteko eskubidea. Eta erabaki bat hartu zuten: Jolastokia antolatu egin behar zen, arauak ezarri eta errespetatu. Ikasleen harridurarako ordea, zuzendariak zera erabaki zuen, jolastokia baloiarekin ibiltzen zirenentzat soilik izango zela. Orduan ikasi zuten haur haiek zer den pribilegioa…
Gure hirian ere, horretan gaude. Orain arte guztiok erabil genezakeen eremu bat hesitu egin dute eta gutxi batzuk bakarrik ibili daitezke bertan. Hau da, guztiona zen eremu bat gutxi batzurena bihurtu dute. Zergatik? Bertan praktikatzen den aktibitate batek arriskua sor dezakeelako besteentzat. Hori da Donostiako kaiarekin egin dutena.
Hasiera batean, eskailera guztiei atea jarri zieten. Jada ezin haurrekin joan, txalupak hurbiletik ikustera, kaia bizitzera. Irekita geratu ziren azkeneko bi eskailerak ere itxi zituzten eta orain, Aquarium aldeko arrapala ere betirako kendu nahi digute.
Ikastolako jolastokia baloiarekin ari ez direnentzat itxi?! Balonazoengatik?!
Errazena debekatzea da, baina ez zuzenena. Eta oraindik okerragoa dena, batzurentzat bakarrik debekatzea. Gauzak antolatzea da egoerak eskatzen duena, ez pribilegiatuak sortzea.