argia.eus
INPRIMATU
“Gehiengo sindikala baztertzeko” estrategia salatu dute sindikatu abertzaleek
  • Elkarretaratzea egingo dute hilaren 20an, Lehendakaritzan, Zenbait eragilek uztailean sinatutako negoziazio kolektiboaren aurka.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 13a
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek irailaren 20ko elkarretaratzerako deialdia egin dute. [Argazkia: @labsindikatua]

Iragan uztailean Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian sinatutako akordioa deitoratzeko elkarretaratzera deitu dute ELAk eta LABek datorren irailaren 20rako. Hauteskunde kanpaina bete-betean, Lehendakaritzaren aurrean elkartuko dira sindikatu abertzaleak. Eurek osatzen duten gehiengo sindikala –EAEko ordezkarien %59 dute ELAk eta LABek– eta hauteskunde sindikaletako emaitzak ez errespetatzea arbuiatuko dute.

Berria-ren arabera, akordioaren sinatzaileak posible den sektoreetan hitzarmenak berritzen saiatuko dira, akordio orokorren bidez. CCOO eta UGTk gehiengorik ez duten esparruetan, aldiz, eragin mugatuko itunak zabalduko dituzte. Jaurlaritzak, bere aldetik, lege gordailuan argitaratuko ditu gutxiengoan sinatutako akordio horiek.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek uste du akordioa luzera begira egin dutela, eta “patronalarentzat estrategikoa” delakoan dago: “Gu erditik kentzeko bide bat planteatzen dute”. Bere aldetik, Adolfo Muñoz ELAko buruaren arabera, “patronalak pozik egon behar du, gobernuan badaudelako beretzat lanean ari diren pertsonak, inolako lotsarik gabe”.

Eusko Jaurlaritza jo puntuan jarri du Muñozek, “eskrupulu eta printzipio gabe” patronalarekin eta Espainiako sindikatuekin hitzarmena sinatzeagatik. Bere esanetan, demokraziaren aurkakoa da langileek hauteskundeetan erabakitakoari errespeturik ez izatea.