argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikal eta politikoak larunbateko armagabetzea babestu du
  • Alderdi guztietako kideek, PP, UPN eta PSNkoak izan ezik eta lau euskal sindikatuek ETAren armagabetzea babestu dute, manifestu bateratu baten bitartez. Armagabetzea alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua izan dadila eskatu diote ETAri eta Espainiako eta Frantziako Gobernuen babesa eskatu dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 05a
Argazkia: ELA sindikatua

Ainhoa Etxaide LABeko ordezkariak eta Rafaela Romero PSEko legebiltzarkideak irakurri dute testua. Armagabetzea gatazkaren amaierarako “funtsezko mugarria” izango dela esan dute, epealdi berri bati hasiera emango diona, biktima “guztiak” kontuan izanda.

Armagabetzeari sinesgarritasuna eman nahi diotela jakinarazi dute eta ETAri eskatu diote erabatekoa, behin betikoa, alde bakarrekoa eta baldintza politikorik gabea izatea. Nazioarteko egiaztatze batzordeari lanean jarraitzeko eskatu diote eta ondo iritzi diote gizarte zibileko pertsona eta erakundeen inplikazioari. Laguntzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei zein instituzioei.

Alderdi politikoen ordezkari gisa bertaratu dira Andoni Ortuzar (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE-EE), Koldo Martinez (Geroa Bai), Laura Perez (Podemos Nafarroa), Nagua Alba (Podemos Euskadi) eta Isabel Salud (Ezker Anitza). Arlo sindikaletik Adolfo Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Xanti Martínez (CCOO) eta Arantza Agote (UGT) joan dira.

EAEko Alderdi Popularrak esan du “itxurak egiteko” ekitaldia izan dela eta PSE eta EAJ hor egotea “zentzurik ez duela”. Gonbidapenik jaso ez dutela salatu dute.