argia.eus
INPRIMATU
Gehienezko salneurria ezarriko die maskara eta eskularruei Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Estatuko aldizkari Ofizialak agindu ministeriala argitaratu du igande honetan. COVID-19tik babesteko oinarrizko osasun produktu guztiei ezarriko zaie neurria. Batzorde batek proposamena egin behar du bi eguneko epean.

     

     

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 19a
Argazkia: isanidad.com.

"Agindu honen xedea da biztanleriaren osasuna COVID-19tik babesteko beharrezkoak diren osasun produktuen gehieneko salmenta neurria finkatzeko prozedura ezartzea”, dio hitzez hitz BOEren aginduak. Maskarak, eskularruak eta gel antiseptikoak daude produktu horien artean, besteak beste.

Produktu horien prezioek neurri gabe egin dute gora osasun krisia hasi zenetik, eta azken asteetan hainbat farmazeutiko-elkartek edo kontsumitzaileen babeserakoek salneurriak mugatzea eskatu dute. Kontsumo Ministerioak jakinarazi du krisi aurretik 60 zentimotan saltzen ziren maskarak 15 eta 20 euro artean saldu izan direla.

Bi eguneko epean Sendagaien Prezioen Ministerio arteko Batzordeak bilera telematikoa egingo du. Espainiako Osasun eta Farmazia Sistemako, autonomia-erkidegoetako eta hainbat ministeriotako ordezkariek osatzen dute batzordea. Oinarrizko osasun produktuen gehienezko salneurria ezartzeaz gain beste erabaki batzuk ere hartuko ditu.

Esaterako, produktu bakoitzaren etiketak eman behar duen informazioa zehaztuko du. Proposamen hori oinarri hartuta ezarriko ditu gobernuak gehienezko salneurriak, BOEan agindu berri bat argitaratuta.