argia.eus
INPRIMATU
IƱaki Guridi kazetaria
“Gehienek ez zuten espero gerra”
  • Ukraina eta Polonia arteko mugan izan da Euskadi Irratiko kazetaria, eta bertatik bertara ezagutu ditu gerratik ihesi alde egin duten herritarrak eta haien historiak.

Goierriko Hitza @goierriHitza Tere Madinabeitia 2022ko martxoaren 10a

Albistea non, kazetaria han.

Ahal dela saiatu behar da, beti ez da posible. Baina posible izaten den kasuetan, bertatik bertara ikusita diferente, zehatzago eta zuzenean kontatzeko aukera dago. Oraingoan posible izan da, eta horretan aritu gara, bai.

EITBtik kazetari batzuk joan zarete.

Euskadi Irratitik joan gara, Radio Euskadi ere izan da, eta ETBk ere kazetariak ditu han.

Goierrikoak zarete batzuk.

Bai. Mikel Aiestaran Beasaingoa da, Leire Lasa ere bai, eta neu legazpiarra. Kasualitatea izan da.

Non egon zara zu?

Ukraina eta Polonia arteko muga horretan, Poloniako aldean, Medyka deitzen den gunean. Errefuxiatu gehien hartu dituen eremuetako bat da. Azken datuen arabera milioi eta erditik gora dira Ukrainatik irtendako errefuxiatuak, eta erdia baino gehiago Poloniara iritsi dira, asko Medykatik. Horren ondorioz, bat-batean sortu da hor krisi humanitario bat, horiei guztiei arreta eman beharra. Hori bertatik bertara ikustera joan gara, jendea zein baldintzetan iristen den, zein premia dituzten, iritsi aurretik bizi izandako esperientziak, zer arreta ematen zaien…

Zein inpresio jaso duzu?

Bertara iritsitako jendea zirrara pasatu gabe ikusi dugu. Gehienei pasatu zaie bi aste lehenago ez zutela espero egoera horretan egon zitezkeenik, Errusiaren inbasioaren zurrumurrua bazegoen arren, ez zuten espero horretara iritsiko zirenik. Bizitza osoa era bortitzean aldatu zaie une batetik bestera, bizi guztirako markatuko dituen egoera batekin. Familiak bananduta ikusi ditugu, Ukrainako gobernuak 18 eta 60 arteko gizonei gerrarako gelditzeko esan eta gero. Batez ere emakumeek eta umeek alde egin dute, eta ez da adineko jende asko ikusten.

Zergatik egin dute ihes?

Askok nabarmentzen zuten Ukrainatik ez zutela alde egin nahi, gogoz kontra alde egiten ari zirela. Askok esaten zuten gerra hasi zenean ez zutela alde egingo pentsatzen zutela, baina etxetik gertu bonba hotsak entzutean eta seme-alabak ikusitakoan, alde egitea guraso bezala egin beharreko zerbait zela, segurtasuna bermatzeko.

Iñaki Guridik Ukraina eta Polonia arteko mugan ateratako argazkiak

Mugara iritsitakoan, norako bidea hartzen dute?

Askok ez dakite zer egin. Batzuk badaukate nora joan, Europako beste herrialdeetan badituztelako senitartekoak edo ezagunak, edo kontakturen bat, Euskal Herrian bezala, hemen Ukrainatik etorritako jende asko dagoelako. Baina beste askok ez dute ezer.

Batzuek oso argi daukate ez dutela atzerrian geratu nahi, eta denbora batera berriz itzuliko direla, eta horregatik Polonian geratzea erabakitzen dute, irtenbideren baten bila, gero berriz bueltatzeko. Baina itxura guztia dauka hori oso zaila izango dela.

Zer diote gerrari buruz?

Askok galdetzen dute honek zertarako balio duen, zer motibazio duen, ez dute oso ondo ulertzen. 71 urteko emakume bat elkarrizketatu genuen, eta bere aitak bigarren mundu gerran nazismoaren eta faxismoaren aurka borrokatu zuela esan zuen, eta galdetzen zuen zertarako balio izan zuen hark guztiak, berriz gertatzen baldin bada.

Eta Putin, zer diote hari buruz?

Errukigabeko pertsona bat dela, zalantzan jartzen dute bere oreka, eta ez dute ulertzen pertsona batek nola zentralizatu dezakeen hainbeste botere eta hainbeste kalte egiteko gaitasuna.

Jende askorekin hitz egin duzu. Zer duzu gogoratzeko?

Egoera asko daude, eta pertsona bakoitza mundu bat da. Bizitzarako plan guztia bertan behera geratzea oso gogorra da. Eta horren aurrean nik uste dut guri sortzen zaigula beste errefuxiatu batzuekiko baino enpatia gehiago. Argi dago Euskal Herrian ez dugula berdin jokatzen Siriatik, Afganistanetik edo Yemendik datozen errefuxiatuekin, edo Afrikako etorkinekin. Orain beste elkartasun eta mugimendu bat sortu da, seguraski gugandik oso antzekoak ikusten ditugulako Ukrainakoak.

Beste batzuk ere ikusi ditugu, eta horrek ere inpaktatu gaitu. Ukrainara sartzen ari da jendea borrokarako, Europako beste herrialde batzuetan bizi diren ukrainarrak, baina baita boluntarioak ere, ingelesak, frantziarrak, kanariar bat ere bai…

Zenbat denbora egin duzue?

Aurreko asteko asteazkenetik larunbatera bitartean egon ginen. Gertaera honek arreta mediatiko handia piztu du, eta kazetari asko geunden han bilduta. Lan asko egin dugu, eta lo gutxi eginda ibili gara.

Orain, hemen zaudela, nola gogoratzen dituzu egun horiek?

Iruditzen zait denbora behar dugula ikusitakoa barneratzeko, lur jotako pertsona asko ikusi ditugu. Horrelakoetan, momentu batean arreta asko sortzen da eta joaten gara denok eta kontatzen dugu denok… Baina saiatu behar gara hain azkar ez ahazten, horri jarraipen bat ematen, aterpe bat behar dutenei eta bizi proiektu bat behar dutenei egun bateko arreta eman baino, arreta luzeagoa ematen, mediatikoki, erakundeen aldetik, baita herritarren aldetik ere.

Ohiko gaietara itzuli zara?

Bai. Ematen du pandemiaren gordinena igaro dela, eta orain gerraren inguruko informazioa izango da ‘pandemia’ berria, eta horrek hartuko du leku asko gure informatiboetan. Gainera, hango jendearengan duen eraginaz gain, ekonomia globalizatu honetan gure egunerokoan eta gure ekonomian ere eragin handia izango du, eta ertz horiek guztiak kontatzea izango da kontua hemendik aurrera. Horrez gain, Frantziako hauteskundeak datoz, eta horiekin ere egingo ditugu saio bereziak kanpotik. Eta gero, egunerokoak ematen duena ere izango dugu.