argia.eus
INPRIMATU
Hik Hasiko ikastaroko 40 behatzaile, Larraulgo herri eskolan:
“Gehien harritu gaituena izan da umeak euren kasa hasten direla elkarrekin lanean, irakasleak ezer agindu gabe”
  • Hik Hasi hezkuntza aldizkariak bi ikasturteko ikastaroa antolatu du, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta. Saio teorikoez gain, ikastaroan zehar lau ikastetxeren praktika ezagutuko dute, eta lehen bisita azaroaren 26an egin dute, Larraulgo Eskola Txikira. Larunbata izanik ere, bertan zituzten zain Bidean liburuaren egile Koldo Rabadan, Larraulgo Herri Eskolako irakasle talde osoa... eta baita ikasleak ere. "Gehien harritu gaituena izan da umeak euren kasa hasten direla elkarrekin lanean, irakasleak ezer agindu gabe" adierazi du Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak. Eta jarraitu du: "Bidean liburuan Rabadanek ederki azaldua du helburua hezitzaile bakoitzak bere barruko pareta puskatzea dela, eta praktikan hori egitea posible dela ikusi dugu, nahiz eta irakasle bakoitzak bere eskolan bizi duen errealitatea era batekoa izan".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko azaroaren 30
Koldo Rabadan "Bidean" liburuaren egilea, Hik Hasiko ikastaroko parte-hartzaileei azalpenak ematen.

"Harrerak hunkitu" zituela aitortu du Mikel Agirrezabalak, Hik Hasiko formazio arduradunak: "Opari bat izan da guretzat larunbata goiz batez Larraulgo hezitzaile talde osoa eskolan aritzea, eta gainera, ikasleak ere bertan aritzea. Guztien inplikazioa eskatzen du horrek, eskola bizi bat den seinale da, eta oso eskertuta gaude familiekin ere". Irakasleek adierazi dute ikasleak goxatuko dituztela larunbateko lan-saioaren truke: "Ostiral honetako asanbladan galdetuko diegu haien lana aitortzeko zer gauza berezi egin nahi duten".

Larraulgo eskolara bisitan joan ziren 40 lagunak behatzaile kualifikatuak dira, izan ere, Hik Hasiko ikastaroan izena eman dutenen artean daude eskola txikietako irakasleak, ikastoletako irakasleak, eskola publiko handietako irakasleak, kristau eskolakoak... baita unibertsitateko ikasleak ere. "Horietako batzuek, eraldaketan dauden ikastetxeetako ordezkariak dira, euren klaustroan hautatuak izan dira, ikastaroan jasotzen duten jakintza taldera eramateko eta ikastetxeak eraldatzeko asmoz".

Tailerretan bakoitzak bere proiektua garatzeko askatasuna eta saio espezifikoen lanketa, biak uztargarri

Larraulgo herri eskolan 2-12 urte bitarteko ikasleak guztiak nahastuta aritzen dira egunerokoan lanean. Tailerretatik zirkulazio librean pasatzen dira, eta bakoitzak erabakitzen du zein den berak garatu nahi duen proiektua eta ohikoa da ikasleak elkar-eraginean, besteei laguntzen edo besteek lan nola egiten duten behaketan aritzea. ARGIAk argitaratutako Bidean liburua irakurrita ulertuko du ondoen irakurleak zein den bertako lan egiteko ikuspegia.

Irakasleek aitortu dute bisita hau ohituta daudenekin oso ezberdina izan dela: "Normalean 4-5 pertsona etortzen dira eskola barrutik ezagutzera, eta oraingoan 40 lagun sartu dira gelan, ikasleak baino askoz gehiago alegia. Baina uste dut ikasleek hartzen duten jarrera izaten dela beren eskolan dagoen lan egiteko modua harrotasunez erakustea".

Agirrezabalak azaldu duenez, interesgarri egin zaie irakasteko moduetan Larraulen ezagututako oreka: "zirkulazio librea batetik eta saio espezifikoak bestetik, biak uztartzen dituzte eta hori oso beharrezko iruditu zaigu, bestela arriskua baitago mutur batetik bestera joateko".

Bisitaren bukaeran, Hik Hasiko ikastaroko parte-hartzaileek galdera asko egin dituzte (argazkia une horretakoak da). Agirrezabalagak estimatu du Koldo Rabadanek enpatiatik mintzatzeko eta eraldaketa grina kutsatzeko duen gaitasuna: "Irakasle bakoitzak oso errealitate diferente bat bizi du bere eskolan, baina Rabadanek oso ongi transmititzen du mezua, adieraziz norberak bere barruko paretak bota behar dituela lehenik, eta bakoitzak bere errealitatetik aldaketa txikiak egiten hastea posible dela".

Hik Hasiko ikastaroan bisitatuko dituzten beste eskolak

Bi ikasturte iraungo ditu ikastaroak, eta hilero zortzi orduko modulu bat jasotzen dute bertan izen eman dutenek. Bertan oinarri teorikoa jasotzen dute, eta helburua hezitzailea haurraren lekuan jartzea eta bere burua formatzen joatea da. Saio teorikoetan landutakoa praktikan ezagutzeko Euskal Herriko lau ikastetxe bisitatuko dituzte.

Lehen bisita Larraulera eginikoa izan da, Agirrezabalak adierazi duenez, "Eskola Txikien errealitatea ezagutzea nahi genuelako, berezia eta interesgarria delako bere egitura, eta pedagogikoki erreferentzia bat delako Euskal Herri mailan. Eskola Txikien artean, Larraulera jo dugu, Bidean liburuak erdiz erdi jo duelako eraldaketa espirituan".

Ikastaroan zehar bisitatuko dituzten beste ikastetxeak Iruñeko Mendigoiti (neurozientzian lanketa egina duena), Arrasateko Arizmendi ikastola (ikastetxe mailako eraldaketa prozesuan dena) eta Tolosako Herrikide ikastetxea (adimen emozionalaren lanketa egina duena) dira.