argia.eus
INPRIMATU
Durangoko gaztetxea desalojatu dute eta Ertzaintzak foam jaurtigailuekin tiro egin du bertan zeudenen aurka
  • Larunbat arratsaldean istiluak izan ziren gaztetxe berriaren atarian, Ertzaintza gogor oldartu zen gaztetxeari babesa ematera joandakoen aurka. Hori dela eta, ehunka lagun bildu dira igande honetan foam jaurtigailu bidezko kargak salatzeko eta udalaren jarrera seinalatzeko. Gaztetxea beharrezkoa dutela aldarrikatu dute mobilizazioan, “Gaztetxea aurrera, Udala errudun” lelopean.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 16a
Asteburuan izandako polizia gehiegikeriak salatu dituzte. Kaletik Gaztetxera

Larunbatean Kaletik Gaztetxera asanbladako kideek Durangoko gaztetxearen irekiera ekitaldia antolatu zuten. Poliziak ordea ekimen hori egitea galarazi, eta gaztetxera sartzea debekatu zuen. Asanbladako kideek salatu dute hori legez kontrakoa izan zela.

Bideoetan jasota geratu denez, beranduago, modu oldarkorrean erantzun zuen Ertzaintzak bertan zeuden kideen aurka. Gaztetxeari babesa ematera eta Ertzaintza egiten ari zen sarbide kontrola ilegala zela salatzera joandako ehunka durangarren aurka kargatu zuen Poliziak. Jipoiak, mehatxuak salaketak, isunak eta foam pilotak erabili izana salatu dute asanbladako kideek.

 

Asteburuko gertakariei dagokionean, “tinko” agertu dira  Kaletik Gaztetxera asanbladako gazteak, “konpromiso osoz heldu diogu gaztetxearen aldeko borrokari, hainbat eta hainbat gazte durangarren eskutik”.

Negoziazio eza

Durangoko Azoka betean, abenduaren 6 ostiralarekin sartu ziren asanbladako kideak eraikinera, gaztetxe baten behar zutela aldarrikatuta. “Durangok dituen hutsuneak betetzeko xedearekin abiatu genuen proiektua”, adierazi dute. 

Astelehenean bertaratu zen udaltzaingoa sarbide kontrola ezartzera, eta Udalak haiekin harreman eta komunikazio bide oro eten zuela helaraztera. 2023tik EAJko Mireia Elkoroiribe da alkatea. Udalaren negoziaziorako borodate eza azpimarratu du asanbladak. Izan ere, udalak jakinarazi zion ordenantzaz kanpo dagoela eraikina, eta urte batzuen ostean eraisteko asmoa dutela.

Hori jakinda, asanbladak azaldu zuen prest zegoela eraikina bota bitartean erabiltzeko, eta ondoren joateko. Baina, udalak negoziazioari uko egin eta desalojo prozesua bide legaletik abiatzeko asmoa azaldu izana salatu dute.