Arrotxapeko gaztetxearen itxierarekin, garai berri bat zabaldu da Iruñean. Izan ere, 2021eko irailean erabat desagertu dira 1980ko hamarkadatik aurrera Iruñerrian izan diren esparru okupatu eta autonomoak, zein bere momentu historikoari zegozkion berezitasunekin sortu eta jantzia. Ez dakigu eten horrek luze edo labur joko ote duen, baina hutsune handia sortu da hiriaren zirkuituetan eta zirkulu politikoetan.
Desberdintasun handia dago duela hogeita hamabost urte okupatu ziren lehen tokien eta gaur egunekoen artean. Zutarririk funtsezkoenak, baina, berdinak dira: erakundeen eta espazio pribatuen bitartekaritzarik gabe funtzionatzen dute, eta asanblada da antolakuntzarako eta erabakiak hartzeko esparrua.
"Gaztetxe bat erresistentziarako irla bat da; eta, irlaz irla, hiriak botereari aurre egiteko artxipelago eta kontraindar bilakatzen dira"
Asanblada, horizontaltasuna, eztabaida, elkarlana, esperientzia politikoa. Hori da, hain justu ere, gaztetxe edo zentro sozial batean gertatzen dena: esperientzia eta esperimentu politikoetarako tokiak dira. Izan ere, Iruñerriko gaztetxeek ez dute izan helburu bakarra, hau da, bizirautea; haiei esker, garaian garaiko gatazka politikoak bultzatu, lagundu eta konpartitu dira: intsumisioa, Itoitzeko proiektuarekiko aurkakotasuna, mugimendu feminista, askotariko jardunaldiak, teknopolitika...
Gaztetxeetan, politika eta militantzia pasio gisa bizitzeko aukera eskaintzen da. Horregatik, altxor handi bat dira XXI. mendeko hiri normalizatuentzat, horietan pilatzen baitira gaur egun sistemak sustatutako jazarpen, esplotazio eta desparekotasun ugariak. Hiriak eragiten duen desberdinkeriaren aurrean, gaztetxe bat erresistentziarako irla bat da; eta, irlaz irla, hiriak botereari aurre egiteko artxipelago eta kontraindar bilakatzen dira.
Pasio tristeak biltzen dituzten begiraden aurrean, gaztetxeek inoiz baino zentzu handiagoa dute: esplotazio basatia ala justiziazko eta berdintasunezko irlez osatutako artxipelagoa!