argia.eus
INPRIMATU
Gaztetxeak, feministak ote?
  • Iruñeko Maravillas gaztetxearen hustutzea mediatikoa bihurtu zen iragan urtarrilean. Batetik, “aldaketa”-ren eragileen baitan kontraesanak eta tentsioak azaleratzen dituelako, hauteskundeak bistara ageri izan dira, alderdi ugariren interesak martxan jarriz. Hala berean, hustutzearen erreakzioak luze iraun zuelako, herri mugimenduko hainbat eragileren eskutik, bizipen intentsuak izan ziren eta kalea agertoki.

Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko otsailaren 07a
"Ekintza honek gaztetxe eta feminismoaren arteko lotura jartzen du mahai gainean, hausnarketarako".

Iruñeko alde zaharrean kalejirak eta elkarretaratze zaratatsuak errepikatzen ziren eta eragile sozialak maila ezberdin eta hitz ezberdinekin agertu ziren gaztetxearen alde. Plazako ostalariek batetik eta Iruñerriko herri mugimenduaren kolektibo ugarik bestetik, gaztetxearen hustutzearen aurkako agerraldia egin zuten. Auzokideek ere gogor salatu zuten auzoaren okupazio poliziala. Auzotik eta hiritik kanpo ere elkartasun adierazpenen segida eman zen, hauetako batzuk, hitzetatik haratago, zibismoaren enkuadretik kanpo kokatu zirelarik. Esanguratsuak dira bi bide mozketa luze, margoketak autobusetan eta Altsasuko batzokia tapiatuta agertu izana. Mobilizazioak muina aurkitu zuen urtarrilaren 19ko manifestaldian. 6.000 lagun ez dira egunero okupazio eta autogestioaren izenean elkartzen. Euskal Herri osoan sumatzen den joera islatzen du horrek guztiak.

Urtetan abandonatuta egon den jauregia kontrolatzeko erronkak utzitako erantzunetatik, ikusgarrienetako bat, eta interesgarria, gaztetxetik hurbil dagoen Bergel zubiaren bide mozketa izan zen. Ekintza feminismotik aldarrikatua eta emakume, bollera eta transek burutua izan zen

Urtetan abandonatuta egon den jauregia kontrolatzeko erronkak utzitako erantzunetatik, ikusgarrienetako bat, eta interesgarria, gaztetxetik hurbil dagoen Bergel zubiaren bide mozketa izan zen. Ekintza feminismotik aldarrikatua eta emakume, bollera eta transek burutua izan zen. Bi neska soka beraren bi muturretatik zintzilik zubiaren albo batera eta bestera eta pertsona ugari, neska gazteak batez ere, animatzen, txaloka eta gaztetxearen aldekoak oihukatuz. “Heteropatriarkatua suntsitu, gaztetxeak defendatu” eta “feministok gaztetxeekin” bezalako pankartek apaintzen zuten eszena. Udaltzaingoak, foruzaingoak, Espainiako Poliziak eta suhiltzaileek hiru ordu behar izan zituzten kotxeen ohiko joan etorria berrezartzeko.

Ezinbestekoz, ekintza honek gaztetxe eta feminismoaren arteko lotura jartzen du mahai gainean, hausnarketarako.

Alde batetik, errealitatea baldintzatzen duten filtro matxistek gaztetxeak, bestelako espazio okupatuak, kaleko istiluak, eta abar... gizonezkoen espazio bezala ikusarazten dituzte. Berriro ere, partehartzaileak mutil, txuri, hetero eta zis irudikatzeko joera da nagusi jendartean. Legedia zalantzan jarri, jabetza pribatuaren aurka egin eta bake soziala apurtzeak ezin omen du izan zerikusirik ez elkar punturik feminismoarekin. Bataz besteko hiritarrak ezin ditu bi subjektu horiek elkartu. Bigarrena sozialki onartua dago, mende honetako ohorezko borrokalari duina da. Lehenari aldiz kontrara, egun, errealitate politikoa era egokian konprenitzen ez duen errebelde umekoiaren itsura elkartzen zaio askotan.

Bestetik, gaztetxeek ere jokaera matxistak birproduzitzen dituzte eta horrek zenbait sudur okertzen ditu. Beste modu batera esan daiteke, oraindik ere ez dagoela proiektu ez espaziorik herri mugimenduan praktikara patriarkatuaren hatzaparretatik guztiz libre, are traba handiagoez kolektibo edo espazio mixtoen kasuan. Kapitalismotik kanpoko proiekturik ez dagoen modura. Askegune baino, espazio askeak baino, askatasunerako laborategiak dira, "askebideak" edo. Errealitatea aldatu nahi dutenen errealitatean hitz hartzea, ikusgarritasuna, kolektiboan eragiteko gaitasuna, boterea azken finean, ez da neutrala generoarekiko. Batzuetan hau ez da onartzen. Sarri, hau onartzeko zailtasun handiena edo gogo txikiena pribilejiodunek dute.

Hor ditugu, aldiz, aurreiritzi guztien azpitik eta jarrera matxista guztien gainetik, kolektibo mixto eta ez mixtoen egunerokotasunean inurri lanetan diharduten emakume, bollera eta transak. Ezinezkoa da ez ikusiarena egitea, feministak lehen lerroan jarri baitira baietz, "askebide" horiek berezko espazio dituztela esaten. Halaber, sistemaren aurkako ideiak eta praktikak. Esaten dute, ere bai, beren gorputzaz defendatuko dituztela, “isilik (...) haien hiritartasun legeak obeditu” gabe.

Uxue Barkos ez da feminista. Izatez, oximorona da. Jabetza pribatua defendatzea, natura produkzio sistemaren baliabide bezala ikustea, kapitalismoa sostengatu eta sustatzea bizitzaren gainetik: hauxe da patriarkatua

Gainera, hamarkadatako borroka feministaren fruitu den feminismoaren gorakada historiko honen baitan, hitz hau bere egin nahi dutenei ere mezu bat helarazten die ekintza honek: feminismoa ez dela kapitalismo hetero-patriarkalarekin bateragarria. Errotiko eraldaketarik gabe ezin dela eraiki sozialki begi onez ikusten den feminismo bat. Ustezko feminismo hori kapitalismo morea da, eta dagoeneko lehen urrats sendo batzuk emanak ditu. Emakumeen lan eskubideak zapaltzeari esker milioiak mugitzen dituzten enpresa multinazionalek lelo feministak ipintzen dituzte kamisetetan, hedabideek soldaten arteko kenketa eginez neurtzen dute patriarkatua eta Uxue Barkos greba feministak “mirestuta” zegoen pasa den martxoak 8an: “Me maravilla!”.

Uxue Barkos ez da feminista. Izatez, oximorona da. Jabetza pribatua defendatzea, natura produkzio sistemaren baliabide bezala ikustea, kapitalismoa sostengatu eta sustatzea bizitzaren gainetik: hauxe da patriarkatua. Kapitalismo heteropatriarkalak merkatuaren esparrua, etxeko esparruaren eta zaintzaren gainetik lehenesten du, lehenengoa gizonezkoei eta bigarrena emakumezkoei esleituz. Horretarako emakumearen domestikazioa, sorgin ehiza, heteronormatibitatea, sexualitate erreprimitua, familia nuklearra. Zapalkuntza eta indarkeria emakumeongan, sistemikoki.

Oso idea garbia da eta aldi berean iheskorra, ez direla sistema alde batetik eta patriarkatua bestetik, gauza bakarra, merkatu-heteropatriarkala, baizik. Buruz behera irakurrita: sistema zalantzan jartzen duen ekimen oro, feminista da halabeharrez. Eta ekimen feminista orok sistema bere osotasunean jartzen du zalantzan, halabeharrez.